SESTAOK MAILARI EUSTEKO BORROKAN JARRAITUKO DU
Sestao bizirik dago, eta lanean jarraituko du Bigarren B Mailan jarraitzeko asmoarekin. Argi eta garbi utzi du horixe taldeko ikurretako bat den Gorka Azkorra aurrelariak. Jokatzeko geratzen diren sei jardunaldietatik lau irabazi beharra dauzkate.

Sestaoren egoera ez da oso ona, baina denboraldi honetan ez da inoiz izan. Une honetan Bigarren B Mailari eustea da Las Llanaseko taldearen helburu bakarra. Oraingoz maila eusteko kanporaketa jokatzeko aukera lau puntura dauka talde bizkaitarrak, eta zuzenean eustekoa aukera, berriz, seira.
Gorka Azkorra da taldeko beteranoetako bat. Lehen Mailan zein Bigarren Mailan jokatutako jokalaria da, baita Athleticen ere. Aurten itzuli da etxera, baina ez du lesioekin zorte handiegirik izan. «Urte mordo bat kanpoan ibilita garbi neukan aurten etxera itzuli behar nuela. Sestaoren aukera izan nuen, eta ez nuen alferrik galdu», dio. «Hala ere, pertsonalki ezin naiz gustura egon. Lesioak izan ditut, eta horrela jarraipena izatea zaila da, baita taldeari nahi bezala laguntzea ere ere», erantsi du.
Hor behean egoteko Sestaok izan dituen arrazoiak bat baino gehiago direla dio, baina nabarmenena taldeak izan dituen lesioak izan direla nabarmendu du. «Lesio asko izan dira taldean, eta horrek sekulako kaltea egin digu. Orokorrean jende oso gaztea dago, eta ustez horiei laguntzeko gauden beteranoek ez dugu lesioekin zorterik izan. Behin behean sartuta, oso zaila izaten da gora ateratzea», azaldu du Gorka Azkorrak.
Berak garbi dauka, zaila izan arren, mailari eusteko dena egingo dutela. «Ez dena esaten hasterik ez dugu orain. Badakigu zaila daukagula, baina badakigu denok dena jarriko dugula gure aldetik, eta ahalegin guztia egingo dugula mailari eusteko. Sei partida falta dira, eta horietatik lau irabazi beharra dauzkagu. Hori lortzen badugu gauden lekuan jarraituko dugu. Une honetan gorantz datorren taldea gara, eta sasoi honetan gorako bidean izatea oso garrantzitsua da, baina bai goiko eta baita beheko kontuak ere oso estu daude, eta ez da erraza izango garaipenak lortzea, denak baitute zerbait jokoan», nabarmendu du Azkorrak. «Etxean geratzen zaizkigun hiru partidak irabazi beharra dugu, eta kanpoko bat ere bai. Ez dago besterik», erantsi du.
Indarra
Pasa den larunbatean berak ezin izan zuen jokatu, min hartuta zegoelako, baina Sestaok garrantzi handiko garaipena lortu zuen Real Madril Castillaren aurka. «Beharrezkoa genuen garaipen hori, zentzu guztietan. Alde batetik, galdu izan bagenu bai esan genezakeela ia Hirugarren Mailan geundela; beraz, hiru puntu horiek behar genituen. Eta lortutako garaipenak, gainera, indar handia eman digu. Aurrean Real Madrilen bigarren taldea genuen, oso jokalari onez osatutakoa, eta haiek mendean hartzeak ere bururako asko balio du, edozeini irabazteko gai garela argi utzi baikenuen», adierazi du.
Aldagelako giroa bikaina dela ere garbi utzi nahi du, eta taldekide denak indartsu eta gogotsu ikusten dituela nabarmendu du. «Sekulako giroa daukagu aldagelan, oso ongi eramaten gara eta denok nahi dugu hau aurrera ateratzea. Ilusiorik ez zaigu falta, eta daukagun guztia emango dugu», aitortu du.
Klubaren beste altxor bat zaleak dira, eta hori argi utzi du Gorka Azkorrak. «Gure jarraitzaileak izugarriak dira. Zale asko joaten dira Las Llanasera, eta euren babesa ezinbestekoa da guretzat; ikaragarri estimatzen ditugu eta asko laguntzen gaituzte. Kanpora ere askotan joaten dira, eta badakigu geratzen zaizkigun partidetan ere hor izango direla guri bultzada eman nahian. Ea denon artea helburua lortzen dugun», esan du.
Sestaori geratzen zaion egutegia ez da batere erraza. Datorren igandean 18.00etan Zubietan jokatuko du, Realaren bigarren taldearen aurka. Gero, etxetik kanpo, Amorebieta eta Leioa izango ditu aurkari, eta, Las Llanasen, berriz, Real Union, Gernika eta Fuenlabrada. Hortaz, geratzen diren neurketotan igoera fasea jokatu nahi duten hiru talde izango ditu aurrean, eta bi aurkari zuzen. Gernika elkarrekin jokatzen dutenerako egin beharrekoak eginda egotea espero da.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
