Ariane KAMIO
DONOSTIA

Euskal pentsamenduaren transmisioaren trazuan

«Jakin» aldizkariak jasoko du Proiektuari Elkar Saria, «XX. eta XXI. mendeetan euskal pentsamenduaren transmisioa» deritzan egitasmoa gauzatzeko. Belaunaldien arteko ezagutza bermatzeko konbentzimenduz, Txillardegiren obrarekin sortuko da lehenengo katebegia.

Iaz jarri zuen abian Elkar Fundazioak Elkar Saria, bi azpisariz eta beka batez osatua. Ibilbideari Elkar Saria urtero ematen da –2016an Gerediaga Elkarteak jaso zuen eta aurtengoa ez dute oraindik zehaztu– eta bi urtetik behin, txandaka, Joseba Jaka beka eta Proiektuari Elkar Saria banatzen dira. Bigarrena ematea egokitu zaio aurten Fundazioari, euskal kulturaren baitan abian dauden edo hastear diren egitasmoei bultzada emango dien hauspoa –10.000 euroko diru laguntza–. Saritua, “Jakin”-ek esku artean duen “XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa” deritzon proiektu anbiziotsua.

Transmisio horren bidean, herriari zabalduko zaizkion lehenengo pentsamenduak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazlearenak izango dira. “Jakin”-ek aurretiaz abiatu du bere obra osoa –1.600 idazlan baino gehiago– digitalizatzeko prozesua, Gipuzkoako Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren ondotik. Eta bere obra zabaltzeari ekingo dio proiektu berri honekin, hiru asmo nagusi bere gain hartuta. Batetik, obra hori guztia web atari batean jartzea edonoren eskura –lanak maiatzerako amaituta izatea espero dute–; bestetik, Txillardegiren obraren gaineko liburu sorta bat argitaratzea, gaika antolatuta; eta, azkenik, liburu bakoitza ikus-entzunezko materialarekin erakustea. Helburu nagusien artean, belaunaldi berrientzat Txillardegi eskura jartzea modu errazean. «Sumatzen da badagoela transmisioaren eten handi bat –aipatu du “Jakin” aldizkariko zuzendari Lorea Agirrek–. 60ko hamarkadatik aurrera egindako pentsamendu eta gogoetak badabiltza plazan, baina aurrekoa ezagutu gabe. Kate hori ondo tenkatzea bada gure motibazioa».

Sari banaketa ekitaldia datorren apirilaren 27an izango da (19.00), Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. “Jakin” saritzeaz gain, Elkar Fundazioak Ibilbideari Elkar Saria ere banatuko du egun horretan bertan, baina oraindik ez dute publiko egin aurtengoa nork jasoko duen.