J.L.
Urrezkoa

Gasteizen abiatuko da lau kanporaketa izango dituen asteburua

Buruz Buruko Urrezko Aizkoran asteburu luzea izango da oraingoa, gaur hasi eta astelehenean amaituko baita. Gasteizen izango da gaurko saioa, Armentiako zelaietan, 12.30ean hasita.

Bertan, Donato Larretxea, Xabier Zaldua, Julen Alberdi eta Julen Kañamares izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Lau lan ezberdin egin beharko ditu aizkolari bakoitzak, eta denetako denborak batu ostean, bi onenek lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.

Faboritoak aipatzerakoan laurak ere izena duten aizkolariak dira eta lanak laburrak direnez, hor lauretako edozeinek har lezake aurrea. Larretxea da horko beteranoena, baita eskarmenturik handiena duena ere. Lanak beretzat aproposak dira eta oso kontuan hartu beharrekoa izango da. Alberdi eta Zaldua kanporaketa bat gaindituta datoz, eta horiek ere ezin dira bazterrean utzi. Kanpotik begiratuta Kañamaresek dirudi aukerarik gutxien izan lezakeena, baina bera ere aurrera egiteko asmoz plazaratuko da.

Beste hiru

Bihar, berriz, Zumaian izango da saioa, 12.30ean. Lopez, Larrañaga, Patxi Mindegia eta Mujika izango dira lanean aritu beharko duten aizkolariak. Eta maila nagusiko azkeneko ekinaldia astelehenean jokatuko da Lazkaon, 13.00etan hasita, eta hor, berriz, Mieltxo Mindegia, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza eta Iñaki Azurmendi neurtuko dira.

19 urtez azpikoetan aurreneko finalerdia jokatuko da, eta hori astelehenean Gasteizen jokatuko da, Estibalizen; Unai Zabala eta Xuban Kañamares lehiatuko dira. Irabazlea Azpeitiko final handian izango da.