GARA
DURANGO

Irakurleen bilgune bihurtuko da Plateruena antzokia Hitzez eta Ahotsez egitasmoan

Bidaia gaitzat hartuta Hitzez eta Ahotsez egitasmoaren laugarren edizioa izango da maiatzaren 5ean. Sei orduz arituko dira hainbat partaide hitzak eta hotsak nagusi izango diren ekitaldian. Kantuak, bertsoak eta musikak ere tartea izango dute.

Hainbat idazleren poema zein narrazioak irakurri edo abestuko dituzte. Karmele Igartua, Leire Bilbao, Joseba Sarrionandia, Paddy Rekalde, Juanra Madariaga, Miren Agur Meabe, Felipe Juaristi, Castillo Suarez, Oier Guillan, Ekhine Eizagirre, Kattalin Miner, Joserra Gartzia, Beñat Sarasola, Pako Aristi, Kirmen Uribe, Gotzon Barandiaran, Harkaitz Cano...

«Aurreko urteetan lez ikastola, berbalagun, barnetegi eta euskaltegietako ikasle-irakasleak ari dira guk irakurraldirako pasatu dizkiegun testuak irakurtzen eta entseatzen. Durangokoak ez eze, Otxandio, Iurreta, Mañaria, Izurtza, Atxondo, Elorrio, Mallabia, Ermua, Garai, Berriz, Zaldibar eta Zornotzako herritarrak batuko gara», azaldu dute antolatzaileek. Bilbo, Eibar eta Gasteiztik ere hurbilduko dira lagunak eta aurten lehenengo aldiz Arratiako ordezkaritza ere izango da.

Talde anitza izango da. «Adin tarte zabala, 15 urtetik 80raino. Berton jaiotakoak zein kanpotik etorritakoak. Ideologia zein kolore ezberdinetakoak. Denentzat egongo da lekua Plateruena teilatupe zabal eta atseginean».