J.L.
TRONTZA

Ontsalok eta Astiazaranek jantzi dute emakumezkoen Euskal Herriko txapela

Ontsalok eta Astiazaranek irabazi zuten atzo Usurbilen jokatu zen Euskal Herriko emakumezkoen txapela. Bi bikote besterik ez ziren aritu finalean. Ez dira urte asko kanporaketa ere jokatu behar izan zela finalean zeintzuk arituko ziren jakiteko, baina oraingoan bik besterik ez dute parte hartu, eta zuzenean jokatu zen finala. Bikote bakoitzak 10 epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 45 ontzakoari.

Irabazleek hasieratik hartu zuten aurre, eta aldea ateratzen joan ziren. Bi bikote izateak emozioa jaitsi ere egin zuen, eta txapela jantzi zuen bikoteak, gainera, lehen epaitik hartu zuen aurre, eta amaieran garaipen erraza lortu zuen.

Ontsalok eta Astiazaranek 4 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten egin beharreko lan guztiak burutzeko. Bigarren postuan, berriz, Sorondok eta Garciak amaitu zuten, eta hauek 5 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten beren lanak amaitu ahal izateko.

Atzo Usurbilen aritu ziren bi bikoteek orain Nafarroako Txapelketa izango dute helburutzat, han lehiatuko baitira. Atzokoan, behintzat, Ontsalo eta Astiazaran hobeak izan ziren hasieratik bukaerara, eta garbi utzi zuten Nafarroako Txapelketa irabazteko ere faborito direla.