JL.
Sega

Ormaetxea eta Gabirondo II.a izango dira Gipuzkoako finaleko faborito nagusiak

Gipuzkoako segalarien finala jokatuko da bihar, 12.00etan, Asteasun, Bulano baserriko belardietan. Orain dela hiru aste jokatu zen kanporaketan saio honetan aritzeko txartela lortu zuten laurak lehiatuko dira.

Julen Gabirondo, Iban Pardo, Jexuxmari Ormaetxea eta Jokin Etxeberria lehiatuko dira. Segalari bakoitzak ordubete izango du lanean aritu ahal izateko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen dituenak lortuko du txapela.

Gabirondo II.a eta Ormaetxea dira txapela lortzeko faboritoak. Gabirondo gaztea oso indartsu dago, eta aurten jadanik bi txapel jantzi ditu, berak irabazi baititu Almitza Elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Liga, baita azkartasuneko Gipuzkoako finala ere. Dena dela, lan horiek zerikusirik ez daukate biharko final honekin, haiek abiadurako probak baitira eta hauek, iraupenekoak. Hala ere, Julen bietan oso indartsu ageri da azken urte hauetan eta askorentzat faboritoa bera da.

Jexuxmari Ormaetxeak ere badaki txapelak janztea zer den. Orendaingoa ere goi mailako segalaria da, eta aurtengoan txapela lortzeko asmoz eta gogoz plazaratuko da. Ordubeteko lana luzea da eta bera oso ongi moldatzen da horretan. Aurten orain artean ez da tamaina honetako lanik egin; azkartasuneko probaz gain, Gipuzkoako kanporaketan ordu erdiko lana izan zuten, eta ordu erdiz aritu edo ordubetez aritu gauzak asko aldatzen dira, eta, gauzak horrela, Ormaetxea itxaropentsu doa final honetara.

Hasiera batean, Etxeberria eta Pardo ez dira faboritoen zerrendan sartzen, baina horrek ez du esan nahi irabazteko aukerarik izango ez dutenik. Aurrez aipatu bezala, ordubete luze egiten da eta indarrak neurtzen jakin behar da. Saio hauetan ere belarra behetik ebakitzea garrantzitsua da, ez pisuagatik bakarrik, belarra txukun ebakitzen ez baldin bada, zigorrak izaten direlako eta lehia estu batean zigor batek dena alda dezakeelako.