Ormaetxea izan da nagusi
Orendaingoak lortu zuen Gipuzkoako txapela. Atzetik, Gabirondo, Pardo eta Etxeberria sailkatu ziren.

Jexuxmari Ormaetxeak irabazi zuen atzo Asteasun jokatu zen Gipuzkoako segalarien finala. 500 ikusle inguru batu ziren paraje zoragarri horretan saioa ikusteko. Belarra ere nahiko ona zegoen, aparteko arazorik sortu ez zuena.
Segalari bakoitzak ordubete izan zuen lanean aritzeko, eta guztira bederatzi sail zituen ebakitzeko, 1.870 metro. Sailei begiratuta, amaieran inork gutxik uste zuen Ormaetxeak irabaziko zuenik; izan ere, Gabirondo II.a izan zen sailetan aurrena, eta atzetik, gertu, Pardo izan zuen. Bi hauek bakarrik iritsi ziren azkeneko sailera.
Ordubete pasatu eta epaileek amaierako txistua jo zutenean, zortzigarren sailean zebilen Ormaetxea, eta sailetan, gainera, azkena izan zen, aurretik baitzuen Etxeberria ere. Baina kontua ez da zeinek sail gehiago ebaki, zeinek kilo gehiago ebaki baizik, eta atzokoan Orendaingoak lan bikaina egin zuen, belarra oso behetik ebakiz eta kiloak pilatuz.
Garbi zegoen atzokoan belarrak pisurik handiena behean zeukala, eta amaieran inork zalantzarik ez zuen egiten denetan txukunen Ormaetxeak ebaki zuela. Baina sailetan Gabirondok alde koskorra atera zion, baita Pardok ere, eta hor askok garaipena beste bien artean egongo zela uste zuten, baina oker zeuden eta Ormaetxeak eraman zuen txapela.
Aurreneko ordu erdian sailetan oso parean joan ziren, lauren artean oso alde txikiak egon baitziren, baina ordu erdia igaro eta gauzak aldatu egin ziren.
Gabirondok ihes egin zuen, eta gertuen jarraitu ziona Pardo izan zen. Amaieran bi hauen artean lau kiloko aldea besterik ez zen egon. Bestetik, atzerago geratu ziren Etxeberria eta Ormaetxea, eta horrelaxe iritsi ziren amaierara. Lanak amaitutakoan askok Gabirondo jotzen zuten irabazletzat, baina Orendaingoak 40 kilo atera zizkion. Denera, Ormaetxeak 3.638 kilo ebaki zituen; Gabirondo II.ak, 3.598 kilo; 3.594 kilo, Pardok; eta 3.396,5 kilo, Etxeberriak.
Hurrengo saioa Aian izango da uztailaren 23an, eta Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa izango da; aurten aspaldiko partez bizkaitar bat ere izango da lehia horretan.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
