San Juan, itsaso zabalean jaun eta jabe

Bezperan Hibaikak ibaian aurre hartu zion arren, Pasai Donibanek argi utzi zuen atzo, Donostian, itsaso zabalean bera dela oraingoz jaun eta jabe. «Batelerak» trainerua bikain moldatu zen olatu artean, batez ere itzulerako luzean, eta azkenean tarteak nabarmenak izan ziren. Kontuan izan behar da ziabogan hiru segundo eskaseko aldea ateratzen ziotela arrosek Hibaikari, baina azkenean tarte hori ia 20 segundoraino handitu zen. Orio, hirugarren, ia 50 segundora geratu zen.
Eta sailkapen nagusian berdinduta geratzen badira ere, zazpina punturekin, azken estropada irabazi izanak liderraren maillota sanjoandarrei ematen die. Maillot hori jokoan ipintzeko hurrengo hitzordua bi asteburu barru helduko da, uztailaren 22an Santanderren eta 23an Pasaian bertan.
Atzo irabazle suertatu zen kuadrilla honako hau izan zen: Ane Pescador, Maialen Arrazola, Oihana Cereijo, Josune Ugarte, Garazi Martin, Maria Mendizabal, Laura Goldaracena, Ane Arbillaga, Andrea Oubiña, Ioana Alijostes, Vicky Piñeiro, Ane Hernandez eta Irati Larrañaga, Nerea Perez patroi zutela.
Arraun Lagunak, barruan
Eta Ligan jarraitzeko laugarren txartela Donostia Arraun Lagunakek eskuratu zuen, atzo berriz ere Hernaniri aurrea hartu baitzion. Andrea Astudillo patroi zutela, irteera nahiko kaskarra egin zuten, kokatzeko zailtasunak izan zituztelako, baina atzetik aurrera estropada ederra osatu zuten, Hernaniri hamar segundo ateratzeraino. Merezitako saria emakume donostiarrentzat.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
