Sexu eraso bana salatu dute bi emakumek Donostian
Gertaerak Gros eta Antiguo auzoetan jazo dira, eta ustezko erasotzaileetako bat atxilotua dago. Bi biktimek 30 urte inguru dituzte. Durangok berriz, hilabete bakarrean hirugarren erasoa salatu zuen atzo.

Bi emakumek eraso sexisten biktima izan direla salatu dute Donostian. Erasoetako bat iragan ostiral goizaldean jazo zen, Gros auzoko Txofre plazatik gertu; bigarrena, berriz, astelehen goizaldean jazo zen, Antiguo auzoko Portuene inguruan. Ustezko erasotzaileetako bat atxilotua izan da. Udaleko iturriek atzo baieztatu zutenez, bi biktimek salaketa bana aurkeztu zuten, eta Udaltzaingoa gertaerak ikertzen ari da.
Lehenengo erasoa iragan ostiralean gertatu zen. 30 urte inguruko biktimak salatu zuen gizonezko bat gainera bota zitzaiola eta ukituak egin zizkiola. Antza, emakumearen garrasiek erasotzailea aldentzea lortu zuten. Udaltzaingoa identifikatu nahian dabil, atxilo hartzeko.
Bigarren erasoa uztailaren 31ko goizaldean gertatu zen. Kasu honetan ere 30 urte inguruko emakume batek Udaltzaingora deitu zuen, Antiguo auzoko Portuene inguruan eraso ziotela jakinarazteko.
Testigantzaren arabera, oinez ari zela gizonezko batek ukituak egin zizkion. Inguru horretan zebilen udaltzaingoaren patruila batek, emakumeak emandako deskribapena aintzat hartuta, erasotzailea atxilotu zuen eraso sexista egitea egotzita.
Gaur bertan Eneko Goia Donostiako alkateak bozeramaile batzordea deitu du talde guztien artean erasook gaitzesteko testua adostu eta elkarretaratze bat deitzeko, ziur asko ostegunean.
Bolueta eta Durango
Bestetik, ostiral gauean gizonezko bat atxilotu zuen Bilboko Udaltzaingoak Boluetan emakumezko bati erasotzeagatik. Zabaldutako informazioaren arabera, kalean gertatu zen erasoa eta atxiloturiko gizonezkoak eta erasoa jasandako emakumeak bikote harremana zuten.
Bizkaian beste albistea Durangotik heldu zen, Udalak atzo hilabete bakarrean jazo den emakume baten aurkako hirugarren erasoa salatu zuelako. Erasoa astelehenean gertatu zen; ez zuen xehetasun gehiago eman.
Gertatutakoa zabaldu zen egun berean, Bilboko Udalak “Ez beti da ez” lemapean, eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aurkeztu zuen. Marijaia da elementu nagusia eta betilun azaltzen da, esku bat zabalik duela, gaitzespena azaltzeko.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
