Surflari ernegatua

Surflariak «lobby»

Berriki Biarrizko surflariek bat egin dute Udalak Marbella hondartzan egin nahi zuen proiektu bati aurre egiteko. Marbella Surf Club elkarteko kideak ate joka hasi ziren haien hondartza eta bertako olatuak arriskuan izan zitezkeela jakin bezain laster. Lehenik informazioa eskatu zuten, planoak aztertu, abokatuekin eta herritarrekin bildu, eta proiektua gelditzeko antolatu ziren.

Ez noa proiektuaren xehetasunak ematera, gehiago jakin nahi duenak abuztuaren 16an GARAk argitaratutako artikulua irakur dezake. Batez ere herritarren eta politikarien artean izan diren harremanak, eta azkenengo emaitza, dira interesatzen zaizkidanak. Biarritzen egin zen herrialdeen arteko munduko surf txapelketarekin, herrian surfak eta surflariek duten pisua zenbaterainokoa den ikusi ahal izan nuen. Baina Marbella hondartzarako Udalak zuen egitasmoa goitik behera aldatzearekin flipatu egin dut.

Munduko surf txapelketa zela eta, bertako surflariekin elkarlanean aritzea logikoa zen. Ordea, Marbellako egitasmoaren aferan puzzlea osorik ikusteko piezaren bat falta zitzaidala sentitzen nuen. Zergatik egiten diote kasu politikariek surflariei? Zer irabazten dute?

Udaleko kideen artean surflari asko zegoela ohartzen hasi nintzen, baina ez zen arrazoi nahikoa. Puzzle zatia ez zen behar bezala bere zuloan sartzen. Milioika euro daude jokoan surflari talde baten “kapritxoengatik” tamainako proiektu bat atzera botatzeko. Gainera, hondartza desagertzearen eta erosioaren arazoak hor jarraituko du, itsasoak berak desagerraraziko du hondartza, eta labarren gainean bizi diren bizilagunak berandu baino lehen arriskuan izango dira. Beraz, zergatik atzeratu arazoa? Mikrofonoz kanpo topatu nuen erantzuna. Michel Veunac auzapezak surflariekin harreman onak izateko duen interesaren zergatia ulertzen lagundu zidan esaldi bat esan zuenean. Puzzlea osatzeko falta zitzaidan pieza zen: «Ez dugu nahi liskarrik surflariekin, ez zaigu komeni. 2024an Parisen izango dira Olinpiar Jokoak, baina surfaren olinpiadak Biarritzen izango dira».