Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Traganarrua

Itsasoa zakar ari da. Haizea gogor. Zerua iluntzen. Eta belaontzia olatuetan dantzan. Ekaitza badator. Marinelak itsaso zabalean galduak, lehorretik urrun. Badira asteak etxetik irten zirela munduaren bestaldera abiatzeko. Bada lehenengo aldiz bidaia egiten duen gaztea, ikarak hartua. Enbata handitzen ari da, eta, beste lagunak bezala, etxearen goxoa du gogoan. Onik aterako ote? Gogora etorri zaizkio txikitatik entzundako istorio beldurgarriak. Itsasoan hamaika munstro bizi dira, piztia izugarriak, baina denetan beldurgarriena, Traganarrua. Bat-batean agertzen da, abisatu gabe, eta itsasotik zeruraino igoz, inoiz ikusitako suge erraldoienaren itxura hartuta, dena irensten du. Ontziak eta marinelak. Orro ikaragarria egiten omen du batzuetan, bestetan ixil-ixilik ikusten omen da altxatzen; eta orduan, ez dago ihes egiterik. Istorio hauek guztiak etortzen zaizkio gogora marinel gazteari, olatu gero eta erraldoiagoen artean balantzaka dabiltzan bitartean; eta otoitz egiten du Traganarrua ager ez dadin. Orduan ikusi du; kareletik gertu. Urak gorantz, zurrunbilo azkarra. Marinel gazteak ikusi du,Traganarrua itsasotik irteten…

Badira hitzak bere baitan dakartenak mundu fantastiko bat. Esatearekin irudimena pizten dutenak, kontakizunari bidea emanez. Traganarrua, itsasoan gertatu ohi den fenomeno meteorologikoa da. Ikusgarria. Uretatik zerurantz altxatzen den zirimola liluragarria; ikusi duenak inoiz ahantziko ez duena. Irudimen humanoari esker fenomeno fantastikoa bihurtzen dena.