Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
orio
Entrevista
MAIALEN SAEZ SEGUROLA
GIPUZKOAKO SURF FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA

«Antolakuntza, komunikazioa eta kultura dira hiru zutabe nagusiak»

Urte asko darama Maialenek surf munduan, baina azken hilabeteetan surfari ohikoa baino denbora gehiago eskaintzen dio lan orduetatik kanpo. Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakari denetik gelditu gabe dabil surflarien komunitatea berpizteko ahaleginetan, eragile desberdinetako ordezkariekin harremanak landu eta ekimen berriak antolatzen. Horretarako, osagai berri bat ere proposatzen du: kultura.

Hamahiru urte zituela eskolan nota onak atera zituelako amak oparitu zion kortxozko paipo batekin hasi zen Orion itsasoratzen. Gero Iruñera joan zen ikasketak egitera eta etenaldi bat egin zuen. 22 urterekin Zarautza bizitzera joan eta surfa berrartu zuen. Ordutik, Donostia eta Orio izan ditu bizitoki eta surf egiten jarraitu du.

Noiztik zara Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakari?

Iazko urriaren 10etik naiz lehendakari. Lagun batzuek esan zidaten Gipuzkoako Surf Federazioa desagertzeko zorian zegoela eta bilkura irekira gonbidatu ninduten. Batzarrean inork ez zuen bere burua aurkezten ardura hartzeko. Egoerak pena ematen zidan; urte luzez hainbeste lan egin ostean guztia pikutara joateak ezinegona sortzen zidan, eta nire burua aurkeztu nuen.

Hasieran neska bakarra nintzen, baina gero lantaldetxoa egin genuen eta egun neskak gara nagusi. Baina kontua ez da batzuk edo besteak gehiago izatea, batzarra irekita dago eta parte hartu nahi duen oro ongi etorria izango da.

Zergatik zen egoera hain txarra?

Jendea ez zen joaten bileretara, inork ez zuen ardurarik hartu nahi eta zuzendaritza talde berrirako erreleborik ez zegoen. Denborarekin konturatu naiz, ordea, dena ez dela jendearen errua. Surflariak ez ziren joaten bileretara motibaziorik ez zutelako. Zein motibazio izan behar du surflari batek halako bileretara joateko, aseguru kontu bat baino ez dela pentsatzen badu?

Inor gerturatzen ez denean, agian arazoa ez da jendearena, baliteke arazoa gugan egotea. Autokritika egin behar da. Geure buruari galdetu behar diogu: zer egin dugu gaizki jendea bileretara ez etortzeko?

Zergatik da federazioa eta federatzea garrantzitsua?

Federazioa surflarion komunitatea eta interesak ordezkatzen dituen erakundea da, eta, instituzioen aurrean, egun surflariek duten ordezkaritza bakarra. Asegurua ere garrantzitsua da. Surfari espresuki egokitutako seguru bat izatea edozein surflarirentzat da interesgarria, baina ez da hori bakarrik. Antolatuta egoteak onurak lortzen lagun dezake, norbanako baino, talde baten izenean errazagoa baita gauzak erdiestea. Esaterako, diru laguntzak lortzea, bidaia agentziekin beherapenak eskuratzea, teknifikaziorako programak eskaintzea... Horrelako gauza asko lor daitezke.

Baina hori guztia surflari arrunt bati interesatzen al zaio?

Egia esan, ez gehiegi, horregatik iritsi gara puntu honetara. Krisi bat egon da. “Krisi motibazionala” deitzen dut nik. Arazoa izan da deskonektatzen joan garela, jende askok uste baitu federazioa txapelketetara mugatzen dela. Surf txapelketak antolatzen ditugu, baina ez hori bakarrik: surfarekin lotura duen edozein ekimenetan gure hondar aletxoa jartzen saiatzen gara.

Eta nola atera krisi horretatik?

Pixkanaka ari gara. Lehen urratsa jendearen konfiantza eta motibazioa berreskuratzea da. Etxetik hasi behar dugu. Euskal Herriko Federazioan bertan gero eta harreman gehiago ditugu gure artean, momentu garrantzitsua baita: badira euskal kostalde osoan konpondu eta hobetu beharrekoak, hondartzetako masifikazioaren arazoa, erregulazioa, surfa kirol olinpiko bilakatzea, eta abar.

Surflariekin eta eremu desberdinetako eragileekin harreman zuzenak landu behar dira, berriz ere gogoa piztu, gauza eder asko egin baititzakegu, Euskal Herri mailan zein maila lokalean. Baina horretarako guztion parte hartzea behar dugu.

Baduzue plan zehatzik?

Plan estrategiko bat daukagu, hiru zutabe nagusirekin: antolakuntza (bai barnera zein barrura begira), komunikazioa eta kultura. Arazoak konpontzeko erabiltzen dugun erreminta magikoa ez da beste munduko ezer, sinplea da, harremanak, jendearengana urbildu eta hitz egitea. Harreman asko ari gara lantzen. Federazioan bertan, surf elkarteetako ordezkariekin, surflariekin, lehiakideekin... Adibidez, “surflari talentu eta promesa” deitzen zaien lehiakide gazteekin eta haien gurasoekin bilkura bat egin genuen, diru laguntzekin ditugun arazoak azaldu eta aurrera begira zer egin dezakegun adosteko.

Bestalde, egiten den lanaren berri ematea ere garrantzitsua da. Izan ere, gure aurretik jende askok lan asko egin du, baina jendeak ez du horren berri izan. Beraz, egun dugun lanetako bat, horixe da: egin den lana kaleratu eta ahal badugu hobetzea. Arazoa da ez garela nahi genukeen guztiengana iristen.

Lehen aldiz kultura ere kontuan hartzea erabaki dugu eta “FEDER-ARTE” jarri diogu egitasmoari izena. Irabaz asmorik gabe, federatuei haien lana kaleratzeko aukera eskaini nahi diegu, haien jakintza sustatuz komunitatea sendotu eta hazi egiten dela uste baitugu. Ez da bakarrik surfa, surfaren inguruan gauza asko egiten dira, eta uste dugu hori kontuan hartu behar dela.

Kultura, surfa sustatzeko?

Bai, noski. Jendearekin harremanak lantzerakoan ikusten dugu jendeak gauza asko egiten dituela, eta horrek komunitatea indartzen laguntzen du, forma ematen baitio. Artistak, taula egileak, idazleak, denetarik dago surflarien artean, beraz, zerbait antolatzen dugunean haiengana jo dezakegu, eta, alderantziz, haiek ere gugana etor daitezke egiten dutenaren berri emateko.

Adibidez, William Finnegan idazlea bere surf liburua aurkeztera ekarri genuenean, hemengo idazlea eta surflaria den Iñigo Urdinagari laguntzeko eskatu genion. Ekimen batean musika talde bat behar badugu, musikariak ere badira federatuen artean... Jaso bakarrik ez, guk ere zerbait eskaini behar dugu, jendeak proiektuaren parte dela sentitu behar baitu.

Gipuzkoaz harago jarduteko asmorik baduzue?

Gauza batzuk Gipuzkoa mailakoak dira, baina Euskal Herri mailako ikuspegiarekin lan egin behar dugu. Batetik, Euskal Herriko Surf Federazioa indartu behar da, hori bizkaitar eta gipuzkoarron lana da, baina ez gara horretara mugatu behar.

Lapurdiko surflariekin ere harremanak sendotu nahi ditugu. Pixkanaka haien ekimenetan parte hartzen eta elkar ezagutzen hasi gara, baina oraindik ere asko dago egiteko. Txapelketa mailan ere, lehiakideentzako interesgarria litzateke haien arteko harremanak indartzea. Lapurdin ez dago bertako federaziorik, ezin dugu maila ofizialean elkar lan egin, baina badira elkarteak, eta, batez ere, norbanako surflariak. Gure ideia harremanak “behetik gora” lantzea da. Jendea ezagutu, elkarrekin gauzak partekatu eta ea zer egin daitekeen.

«Emakumea surflari» proiektua Gipuzkoara mugatzen da?

Bai, naiz eta Bizkaira hedatuko balitz asko poztuko ginatekeen. Gipuzkoako Diputaziotik jasotako diru laguntza batekin hasi zen eta egun diru laguntza gutxien jasotzen duen egitasmoa izan arren, jende pila bat mugitzen du. Iaz 150 pertsonak hartu zuten parte, eta aurtengo udaberrian kopurua ia bikoiztu egin zen. Arrakasta izugarria izan du.

Oraintxe ireki da udazkeneko saioetarako izena emateko epea. Maila desberdinetako ikastaroak daude, errealitate desberdinei erantzuten dietenak, eta giro bikaina izaten da.

Orain gutxi arte, surf egiten duten nesken artean bi mutur zeuden; batetik, eliteko surflariak (kopuru oso murritza), eta, bestetik, hasiberriak. Plan honi esker bi muturren artean zen hutsunea pixkanaka betetzen ari den neurrian, maila orokorra suspertzen ari dela uste dugu. Horrek, goi mailako surflariei ere hazten laguntzen die.

Surf elkarteekin zer-nolako harremanak dituzue?

Harreman onak ditugu. Deba, Zumaia, Getaria, Orio eta Donostiako Gros auzoko surf elkarteetako kide guztiak, bazkide egin eta federatu egiten dira. Zarauzko elkartea da bere bazkideak federatzen ez dituen bakarra, baina guk guztiekin lan egiten dugu. Elkarteek dituzten premien berri izan nahi dugu, behar errealei aurre egingo dieten proiektuak gauzatzeko. Haiek dira hondartzetako surflarien ahotsa. Gipuzkoako surflarien interesak ordezkatuko dituen entitatea izan nahi badugu, elkarrekin lan egin behar dugu.

Instituzioek aintzat hartzen zaituztete?

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harreman oso onak ditugu. Goizane Alvarez da kirol arduraduna eta ahal duen guztia egiten du gu laguntzeko. Udaletxeekin desberdina da; batetik bestera harrera aldatu egiten da. Donostiako Udalarekin, esaterako, oraindik ez gara bildu masifikazioaren gaia jorratzeko, baina, tira, egia esan ez daude behartuta gurekin biltzera, gure iritzia kontuan hartzea ere gustatuko litzaigukeen arren.

Aurrera begira, zer emaitza izatea gustatuko litzaizuke?

Aurtengoan gauza asko lortu ditugu, antolaketa eta komunikazio mailan urrats garrantzitsuak eman ditugu, eta horrek emaitzak ematen ditu. Iraila, zentzu horretan, hilabete garrantzitsua izango da; laster emango dugu esku artean ditugun zenbait egitasmo eta ekimenen berri, eta itxaropentsu naiz, datozen asteetan gauza politak egin ahal izango ditugula uste dut.

Masifikazioarekin dagoen arazoari behingoagatik helduko bagenio ere poztuko nintzateke. Ez inoren askatasuna mugatzearren. Surf egiteko edo bainatzeko eskubidea inori urratu gabe. Kontua da arazo bat dagoela, eragile desberdinak aspalditik ari dira esaten ez daudela gustura, ordena bat jarri behar dela. Ahal den neurrian normaltasuna lortu behar da eta horretarako gaiari eutsi behar zaio.

Eta, azkenik, gehien gustatuko litzaidakeena jendeak parte hartzea izango litzateke. Surflarien komunitatea sendotu eta forma eman behar diogu benetan zerbait ordezkatu nahi badugu, eta, horretarako, jendearen parte hartzea ezinbestekoa da.