22/09/2017

Oreka bila, naturatik edan du San Sebastianek disko berrian

Ez du kasualki hautatu Xabi San Sebastianek irailaren 21a «Zuhaitzak ez du beldurrik» diskoa aurkezteko. Udazkeneko ekinokzioan, egunak eta gauak ia-ia neurri berekoak diren egunean askatu ditu naturan sortu eta desoreken arteko oreka bilatzera datozen hamar kantuak.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0922_kul_xabisansebasti

Donostia eta Hernani artean, badu Xabi San Sebastianek egunerokotasunaz biluztu eta era pausatuagoan bizimoduaz hausnartzera eramaten duen txoko sekretu bat. Handik, naturaren abarotik, sortuak dira “Zuhaitzak ez du beldurrik” osatzen duten hamar kantuak. Folkaren eta rockaren arteko uretan murgilduta, musikalki zein gai aldetik anitza da diskoa, erro gisa ahotsa eta gitarra akustikoa dituena, eta bateratzen elementu bat baduena: natura. «Naturan sortua da diskoa eta naturatik asko du. Horregatik argitaratu dut lurrarekin zerikusia duen data batean eta ez munduarekin zerikusia duen batean, irailaren 21a, udazkeneko ekinokzioa: egunak eta gauak iraupen bera dute une honetan eta gustatzen zait orekaren sentsazio hori. Diskoan ere badaude argiak eta itzalak, arrazoia eta erotasuna, subkontzientea». Azken alor hori jorratzeko «xumeki bada ere» Mikel Laboak irekitako bideari jarraitu diola azaldu du, zenbait kantutan ahotsarekin esperimentatuz.

«Bakardade prozesu bat izan da, ordu asko eman ditut naturari begira, egunez lilurei eta gauez barruan agertzen diren mamu horiei begira. Naturatik ezberdin ikusten dira kaleko gauzak; ni kaletarra naiz, kaletar ikuspuntuz noa hara, eta bitxia da ikuspuntu hori nola aldatzen zaizun ikustea, nola erlatibizatzen diren gauzak, nola dauden presenteago benetan garrantzia duten horiek», gogoetatu du.

Hausnarketa horiek hartu dute lekurik kantuetan. «Badira kantuak ametsetatik zuzenean sortutakoak, pertsona maitatu baten heriotzari egindako bat, bada satira pixka bat... Bidean nagoen momentua eta bidetik ateratzen naizenekoa orekatzen ahalegindu naiz».

Hamar kantutik zortzi berak idatziak dira. Gainerako bietan, hitzak Angel Errori (“Itsaso gureak”) eta Joxan Artzeri (“Ikusezina”) hartu dizkie. Diskoari izena, aldiz, berak jarri dio: «Zuhaitzen aldamenean jartzen naizenean eta saiatzen naizenean beraiek imitatzen, beraiengandik onartua sentitzen, hori da datorkidan sentipena: beldurrik ez daukatela. Dauden lekuan egonda, sustraiak botatzen dituzte lurrera, ondo errotu, eta gora egiten dute zuzen, beldurrik gabe. Ederra da irudi hori».

Laugarrenean, autoekoizpena

Naturan sortutakoari forma emateko bidelagun izan ditu Josu Erviti (bateria), Matthieu Haramboure (baxua) eta Satxa Soriazu (teklatuak) eta, Belarri zigilupean, autoekoizpena da lana argitaratzeko hautatu duten bidea, «uste dudalako egin beharreko zerbait dela. Ondo dago ikustea zein den zehazki disko baten atzean dagoen lana eta, lana handia bada ere, pozik nago», ziurtatu du. Musikariek euren diskoak ekoizteko bideari aspaldi ekin ziotela eta eredu honen inguruko azpiegitura bat sortua dagoela uste du San Sebastianek, eta bere kabuz aritu beharrak «gauzak beste modu batera» egitera eraman dutela hausnartu du.

ZUZENEAN


Iruñeko Katakraken hasiko ditu San Sebastianek zuzeneko emanaldiak, hilaren 27an. Hurrengoak Luhuson (irailak 30), Baionan (urriak 7), Tolosan (urriak 13), Hernanin (urriak 19) eta Bilbon (azaroak 5) ditu hitzartuta.