J.L.
Harri-zulatzea

Arratzuko Asier Zubiagak aise irabazi du Bakarkako Bizkaiko finala

Arratzuko Piratak taldeko Asier Zubiagak irabazi zuen atzo eguerdian jokatu zen Bizkaiko Bakarkako finala, eta garaipena, gainera, nahiko eroso lortu zuen, bigarren sailkatu zen Yasmin De la Vegari zulo bateko tartea kendu zion, eta horrek erakusten du nolako nagusitasuna izan zuen.

Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, baina hala ere zaleek erantzun ona eman zuten, eta kirolari bakoitzak han izan zituen bere jarraitzaileak animatzen, eta zulatzaileek amaieran hori ederki eskertu zuten.

Asier Zubiagak marka bikaina egin zuen atzoko finalean. Hasieratik hartu zuen aurrea, eta lehen kolpetik jarritako erritmoari ederki jarraitu zion, amaieran txapela buruan jantzita bukatzeko. 7 zulo eta 5 zentimetroko marka egin zuen, eta horrekin irabazi zuen herrialdeko lehiaketa. Faboritoen zerrendan ere aurre-aurrean zegoen, eta ez zuen hutsik egin.

 

Estua

Bigarren postua oso garesti egon zen, zulatzaileen artean oso tarte txikia izan baitzen. Hiru kirolari zentimetro gutxiren barruan sartu ziren, eta horietan lehena Yasmin De la Vega izan zen, eta 6 zulo eta 5,08 zentimetroko markarekin beretzat izan zen bigarren postua. Hirugarren, eta podiuma osatuz, Robertto Irure sailkatu zen, eta berak egin zuen marka 6 zulo eta 1,03 izan zen. Baina hauen atzetik, eta laugarren postuan, Eduardo Hidalgo sailkatu zen, eta honek aurreko biak oso gertu izan zituen, baina laugarren postu horrekin konformatu behar izan zuen. 6 zulo eta 1,01 zentimetro egin zituen.

Aipaturiko lau kirolarien atzetik, Laso, Gomez eta Kintela sailkatu ziren.