J.O.
ALTSASU

Sakean oinarritutako Ezkurdiaren garaipena

EZKURDIA 22

ARTOLA 14


Sakea beti izaten da oso garrantzitsua buruz buruko lehia guztietan eta astelehenean Tolosan lehenengo pilotakada izan bazen Lasoren aurkako partida aurrera ateratzeko Artolak erabili zuen armarik eraginkorrenetakoa, ostiralean alegiarrari tokatu zitzaion errestoan sufritzea. Sakeari indarra emanaz eta paretara ondo baztertuta, orotara zortzi tanto egin zizkion Ezkurdiak Altsasun jokatutako partidan, eta hortxe egon zen partidako gako nagusia.

Partida hasieran trakets antzean aritu ziren bi pilotariak, presaka bezala, eta biei kosta zitzaien bi tanto segidan egitea. Piloteoan ez zen askoz gutxiago Artola, eta, zortzinako berdinketara arte, nola-hala eutsi ahal izan zion partidari.

Hortik aurrera, ordea, lehen pilotakadarekin asmatu egin zuen Sakanakoak, eta, zuzenean ez zenean sake-errematean ere tantoak batuz, zuloa ireki zuen Aspekoak. Hutsik ere apenas egin zuen, eta, gauzak horrela, nagusitasunez gailendu zen.