Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren autonomiak

Irailaren 30ean zuzenekoa zuten Bartzelonan, Euskal Etxean. Propio jarritako data zen biharamuneko independentzia erreferendumaren eguna aprobetxatzeko, lagunekin egoteko eta taldekide batek kazetari lanak betetzeko. Itziarren Semeak taldeko kideak, egutegian estrategikoki aukeratutako kontzertua eman ostean, hurrengo eguneko bozketa egingo zen zalantzarekin zeuden, indar zapaltzaileen erantzunaren zain, baina jipoiek ez zuten jendearen alaitasuna zapuztu. Emaitzen jakin-minez zeuden, beste errepublika baten aldarrikapenaren desiran, Jon Maia bertsolariak idatzitako euren azken diskoko izenburu “EH Republik” horren aurretik sortutako balizko “Cat” errepublikarekin zoratzen, pozarren.

Datu esanguratsua izan da gune libertarioek bozketan herritarrak mobilizatzeko edukitako jarrera baikor eta grinatsua. Errepublika eta independentzia jakinarazpenarekin, etorriko da gero zein eredu edo egitura politikora eraman herriaren errepublika berria. Antikapitalisten artean Estatuaren aldeko zein aurkako iritziak azaleratuko dira eta txit interesgarria gerta daiteke eztabaida ireki hori. Hertzainak taldearen “Estatuari gerra, gerra beti” esaldiaren esanahia ez dagokio soilik Estatuari egin dakiokeen borroka fisiko zein ideologikoari. Pollok iradoki zion abestiaren letra Hertzainak taldeari, eta haren asmoa zen Estatua ukatzea sistema politiko moduan. Antolaketa eta kudeaketa bizitzaren atal txikiena erabakitzeko, protagonismoa emanez gizabanakoaren autonomia osoari, autoeraketari, gerra filosofikoari, herrietako auzoetan txertatzeko kudeaketa autonomoari. Uharteak sortzeari.