Amalur ARTOLA
USURBIL

Alejandro Tapia, diskreziotik herria goratu zuen margolaria

Bizitzan nagusi izan zuen diskrezio berarekin joan zen Alejandro Tapia, 2016ko abenduaren 24an. Gabonak zirela-eta, ez zen Aginagako margolaria behar bezala agurtzeko abagunerik izan eta, hala, haren senideek, Usurbilgo Udalak eta Noaua kultur elkarteak antolatuta, merezitako omenaldia eskaini diote. Erakusketa berezia ere prestatu dute.

Aginagako estudiotik Aiako Harrietarainoko paisaia bistaratzen zuen Alejandro Tapiak. Alboan, ibaiaren erribera eta bere margolanetara eraman ohi zituen naturako elementuak: ibaia bera, zuhaitzen adaxkak, mendiak... «Gazte zela bazekien margolaria izango zela eta hala esan zien etxekoei. Garairako oso jarrera ausarta da», baieztatu du Uxoa Zumetak, Usurbilgo Sutegin paratu duten erakusketa bisitatzen dugun bitartean.

Bere estudioko hormetan zeuden 72 obra biltzen ditu erakusketak, gehienak formatu txikiko olio-pinturak. «Erakusketa egitea planteatu zenean, kontua zen nondik jo, ze hari bilatu. Gaika sailka genezakeen, kronologikoki... baina bere estudioa ikusita argi ikusten zen obra piloa zuela paretetan eta horiek zirela bere gustukoenak. Erabaki genuen hortik jotzea, berak maitatzen zituen obrak ekartzea», azaldu du Zumetak, eta, Tapiak bere estudioan zituen gisara, Sutegiko hormetan ere era irregularrean aurkeztu dituzte obrak. Zaharrena 1951. urteko dantzarien margolan bat da, eta azkena 2016an margotu zuen.

Erakusketarekin katalogo bat ere argitaratu dute eta, hor bai, obrak kronologikoki ordenatuta bildu dituzte, Tapiaren ibilbide eta garapenari bide emanez. Izan ere, aginagatarrak, esan bezala, oso gazte zela erabaki zuen margolari izan behar zuela eta Donostian arte erlijiosoko tailer batean zaharberritze lanetan ari zela hasi zen Gipuzkoako Arte Elkartera joan eta paisaiak margotzen. Hautatutako bideak Pariseko arte mugimendua ezagutzera eraman zuen 1950eko hamarkadan, Madril, Italia, Belgika eta Herbehereak ere ezagutu zituen eta tartean Ur taldea sortu zuen, Carlos Bizkarrondo, Javier Arozarena eta Jose Grazenearekin batera. Bidean hainbat erakusketa utzi zituen, Madrilen, Pragan, Venezuelan, Mexikon... eta obra horietara, Sutegin ikus daitezkeenetara bezalaxe, Tapiak zuen naturarekiko abegikortasun eta atxikitasuna eraman zuen. Izan ere, Aginaga inguruko natura izan zen Tapiak bere obretara eraman zuen lehen irudia –figurazioan lehenik, abstrakziora joz ostean– eta naturatik eratorritako elementuak konstate bat dira bere obran.

Berea da ere Zubiaurrenea kaleko murala, 1985. urtean Herri Batasunaren “Euskal Herria alaitsu eta borrokan kementsu” kanpainaren harira margotu eta 2009. urtean Lakuako Herrizaingo Sailaren aginduz ezabatu zena.

Baina, Usurbilen, batez ere bere diskrezioagatik eta lanerako zuen prestasunagatik da ezaguna. Alaitz Aizpuru kultura zinegotziak gogora ekarri du urte luzez bera izan zela Aginagako jaietako kartelak marrazten zituena, «eskatzen zitzaion edozertarako zegoen prest eta harrigarria da zein era diskretoan aritu zen. Orain, omenaldia prestatzen ari garela ari gara konturatzen denek ezagutzen genuela, estimu handiko pertsona dela hemen».

Tapiaren ekarpena eskertzeko, Usurbilgo herriak omenaldia egin zion iragan ostiralean, eta bere obrak, aldiz, azaroaren 12ra arte daude ikusgai Sutegin.