Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren iragarpenak

Musikaren igarpenak ez du zerikusirik eguraldiaren iragarpenarekin. Adibidea, abenduaren 10ean Ahotsenean gertatutakoa. Bertan behera geratu ziren kontzertuak, 18.00etatik aurrera ziklogenesi leherkorra zetorkigulako gainera, eta kalteturik izan ez zedin karpako ekitaldiak geldiarazi zituzten. Iragarpenak kale egin zuen. La Basu ikusi nahi nuen, baina iragarpenari esker hutsean geratu nintzen. Musika igartzearen kontua errazagoa da, baina asko entzun behar da, jakituna izan eta memoria eduki, gogoratzeko bozgorailuan entzundako musikaren egilea nor den. Kantua entzun eta taldearen izena segituan bota. Joko zirraragarria baina ez mendekotasun-sortzailea, zaila mailaren arabera, baina Shazam aplikazioak grazia handiena pikutara bidali du. Mugikorreko Shazam-ek segundo batzuetan eskainiko digu iragarpen zientifikoa, eta beti asma dezake, baldin eta kantua sisteman sartuta badago, Spotifyn adibidez. Shazam ez dadila mendekotasun-sortzailea izan. Kantua entzun orduko jakingurak irabaziko baligu, eta ez bagenu norena den arrastorik maizegi erabili beharko genukeen aplikazioa izango litzateke. Filmak musikaz blai daude, zirrikitu bakoitzean zerbait interesgarria aurki daiteke. Taldeak igartzea denbora-pasa itxurosoa da. Serie batean hauek antzeman ditut: J.J. Cale, The Walkmen, Molotov, Nancy Sinatra, John Coltrane, Robert Palmer, America, ZZ Top, Beastie Boys, Wang Chung, Yellowman. Igarri gabekoak, ordea, zientoka.

Irratia entzuten ari nintzela, eta esatariak argitu baino lehen, beste hauek asmatu nituen: Anai Arrebak, Split 77, Akauzazte, Trini Fox, eMe... Joko atsegingarria.