Lanbertek eta Elgartek aurrera egin dute
Ximun Lanbertek eta Elgartek lortu dute Berezkoen Buruz Buruko Txapelketa Nagusian aurrera egitea, eta hurrengo kanporaketa jokatzeko moduan izango dira.
Larunbatean Saran, Ximun Lanbertek ez zuen izan aparteko arazorik Monzeri 40 eta 26 irabazteko. Bera zen faboritoa, eta hasieran Monzek apur bat estutu baldin bazuen ere, partida kontrolpean izan zuen, eta amaieran oso garaipen erosoa lortu zuen, gehiegi sufritu gabeko horietakoa. Hurrengo kanporaketan Gixanduten aurka jokatu beharko du datorren astelehenean, Donibane Garaziko Garatenean.
Herenegun Arrangoitzen, berriz, Elgartek askoz ere gehiago sufritu behar izan zuen Etxegarai 40 eta 38 mendean hartu ahal izateko. Neurketan zehar gorabehera ugari izan ziren, bakarkako partidetan gertatzen den bezalaxe, eta azken txanpara biak iritsi ziren irabazteko aukerekin, baina Elgart hobekiago aritu zen, eta amaieran lehen helburua lortu zuen, aurreneko kanporaketa hau irabazi eta hurrengoan sartuz. Han Paxkal Ezkurrarekin neurtu beharko ditu indarrak, Arrangoitzen bertan, datorren ostiralean.
Bigarren Maila
Bigarren Mailakoa ere ari da jokatzen, eta horretan Cubiat-ek eta Iturbek lortu dute garaipena, eta ezustea izan dela ere esan daiteke, ez baitzen faborito bietako inor. Cubiatek oso erraz hartu zuen mendean Dramendrail 40 eta 17. Hurrengoan, Lukuren aurka jokatu beharko du. Beste kanporaketan, Iturbek 40 eta 37 menderatu zuen Migeltorena, nahiz eta azken hau zen faboritoa. Orain, Iturbek Oltzomendirekin jokatu beharko du hurrengo kanporaketa.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
