Idoia ERASO
BAIONA

2018ko Herri Urrats, Larzabalgo kolegioa handitzeko

Larzabalen dagoen Seaskako Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa handitzeko lanak finantzatzeko izanen da 2018ko Herri Urrats. Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastoletan dauden gaztetxoek euskaraz ikasten jarraitzeko daukaten kolegio bakarra sostengatzeko festa maiatzaren 13an ospatuko da “Prefosta” lelopean. 2zio taldeak eginen du kantua.

11 eta 14 urte bitarteko gazteak hartzen dituen kolegioa 200 ikaslerentzat egina izan zen duela hamar urte, baina heldu den ikasturterako 220 izanen direla aurreikusia da. Hasieran, Senpereko aurtengo festa Baionako Bernart Etxepare lizeoa finantziatzeko erabiltzea ere aurreikusia zen, baina azkenean mailegu bat eskatuko dute horretarako.

Heldu den ostiralean Baionako antzokian eginen den “Bectso” saioa izanen da aurtengo Herri Urratsera begira antolaturiko lehen ekimena. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak elkartuko dira bertan: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi eta Unai Agirre. Hilabetearen bukaeran Hego Euskal Herrian beste ekitaldi bat eginen dutela ere aurreratu zuten.

Negoziazio zailak

Seaskak Estatu frantsesarekin hiru urtean behin sinatzen duen hitzarmena ekainean bukatuko da, eta berritzeko negoziazioak ez direla batere ongi abiatu baieztatu zuen atzo Paxkal Indo Seaskako presidenteak. Laugarrena litzateke aurtengoa, baina horrela jarraitzen badu sinatua ez izateko aukera badela ere jakinarazi zuen. Gobernu berriaren jokamoldea salatu zuen Indok, eta Alsaziako bi murgiltze zentrotan izan dituzten arazoen berri eman zuen.