«Bizitza pilulak», Iruñearen historian emakumeek bete duten lekua goratzen
Emakumeek Iruñeko historian egin duten ekarpena aldarrikatzen duen dokumental sorta da «Bizitza pilulak». Rita Aguinaga eta Remigia Echarren dira lehen bi aleen protagonistak.

Iruñean Emakumeak Izendatu taldeak Nafarroako hiriburuari ekarpena egin dioten emakumeen irudia goratzeko abiatu duen ekimena da “Bizitza pilulak”. Bost minutuko iraupena duten minidokumentalen sorta bat sortzea da euren asmoa, hainbat emakumek egindako ekarpena aitortu eta ezagutarazteko asmoz. Lehen bi dokumentalak jada aurkeztu dituzte, Rita Aguinagaren eta Remigia Echarren biografiak jasotzen dituztenak. Lehena Iruñeko Orfeoiko lehen emakume bakarlaria izan zen eta, ekimenaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, «emakume nekaezin eta polifazetikoa zen, antzezle bikaina izateaz batera». 1933an Gayarre antzokian Santa Cecilia orkestrarekin eta Iruñeko Orfeoiarekin egindako saioan izan zuen arrakasta goraipatu dute eta, kantuaz gainera, Emakume Abertzale Batzatik Nafarroa osorako kultur ekimenak antolatzen egiten zuen lana ere nabarmendu dute.
Echarren funanbulista izan zen. Mademoiselle Agostini izenpean Iruñeko zezen plaza zeharkatu zuen unama bat erabilita 1882ko sanferminetan eta, Arga ibaia, Pinaqui fabrika eta Gaztelu plazan ere egin zituen agerraldiak. Ondarroan 1892an aulki batekin ariketak egiten ari zela izandako istripu batek urrundu zuen funanbulismotik.
Iruñean Emakumeak Izendatu taldeak beste emakume batzuen biografiak jasotzen dituen dokumental «bilduma handi bat» sortzeko asmoa duela iragarri du, «ikus-entzunezko lan hauetan protagonista diren emakume batzuk hiriko kale eta plazak izendatzen badituzte ere, hiritarrek ez dituztelako haien biografiak ezagutzen». Esate baterako, Remigia Echarren izena du Ezkabako kale batek eta Rita Aguinaga Lezkairuko Aitzindarien parkeko plazetako baten izena da.
Oro har, proiektuaren helburuak bizitzari eta hiriaren eraikuntzari hainbat emakumek egindako ekarpena ezagutaraztea, emakumeen jakintzak eta bizi-esperientziak aintzat hartzeko androzentrikoak ez diren irizpideak eskaintzea, Iruñeko emakumezkoen erreferenteak sortzea eta emakumeen ikusezintasun sistematikoak suposatzen duen biolentzia sinboliko inplizitua erakustea dira.
Egunotan, Udalak bi dokumentalak eta Iruñean Emakumeak Izendatu taldearen aurkezpen spota USB memoriatan bildu eta hiritarrei dohainik eskaintzen ari da, “Memoria oparitu” lemapean. Horrez gain, hainbat kolektibo eta eragile sozialei ere bideratuko dizkiete dokumentalak eta abiatu berri dugun urtean zehar hainbat aurkezpen eta ekimenarekin lotutako ekintzak ere izango direla iragarri dute.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
