Jon GARMENDIA
Idazlea

Galera

Badira hogei bat urte Haritz Harreguy ezagutu nuela, usurbildar gitarra-jotzailea. Larrua Truk taldean ari zen orduan, eta haien abestiak izena bezainbeste maite nituen nik, izugarri. Musika teknikari gisa harremandu nintzen berarekin, Elkarreko estudioetan. Etzakit taldearekin grabatzera joanak ginen gu, eta botoi eta teklaz jositako mahai erraldoian zebilen isil-isilik lanean bera. Abestien hitzak idazten nituela-eta, poema zaharrik ba ote neukan galdegin zidan, edo ea animatuko nintzen sortzekotan zebilen musika talde bati hitzak jartzera, eta baiezkoa eman nion. Hiru izan ziren azkenean. Aitor Uriarte abeslariak idatzi zituen lau, musikari bezain idazle handia den Gorka Urbizuk abesti bati eman zion zentzua, eta gainontzeko laurak Joxanton Artzerenak ziren, Haritzen osaba maitearenak. SEN izena zuen taldeak eta Artzeren olerki zati hau zeraman abestiari urtetik urtera argi gehiago sumatu diot: «Zer nahi, eta hura eman, hala ere mutikoa gelditzen da triste baino tristeago. Zer gura, zer eska ta hura ekarri, triste oraindik. Eskatu orduko, eskuratu ahala, triste da beti. Nahi duen guztia eman, baina ez inork, inork ez behar duena». Orduan ez nekien askorik Artzeri buruz. Banekien euskal kulturaren erraldoi bat zela, eta errespetua nion horrexegatik bakarrik, bere obratzarra ezagutu gabe. Baina Haritzen ahotan are handiago zen oraino. Ilobak ez zuen artista gisa ikusten soilik, senide gisa ere bai, eta miresmen hitzak zituen beti harenganako. Hargatik etorri zait egunotan Haritz akordura, besteok artistaren galera ikusten dugun tokian, hurbilekoek zerbait gehiago galtzen dutela ohartuta.