Txartel gorria... epaileari

Futbolak joan den asteburuan utzi duen irudi kuriosoena da, Maialen Lujanbioren bertsoa txalotuz Anoetan Leo Messik utzi zuenarekin batera: Nantes-PSG partidako azken minutuetan, Tony Chapron epaileak etxeko taldeko Diego Carlosekin tupust egin, erori eta, lurretik, ostikoa eman zion jokalariari. Eta ez zen horrekin konformatu: bigarren txartel horia atera zion Carlosi eta, gorriarekin, kanporatu egin zuen.

Igande gauean bolo-bolo ibili zen komunikabideetan epailearen jokamolde sinesgaitzaren bideoa. Eta atzo Frantziako Futbol Federazioko Epaileen Zuzendaritza Teknikoak erabakia hartu zuen: bestelako agindurik ez den bitartean, Chapronek ez du epaile lanik egingo. Horra, txartel gorria epaileari!

Nanteseko jokalari Valentin Rongierrek jakinarazitakoaren arabera, Chapronek bere jarrera zuritu nahi izan zuen berdegunean bertan, Carlosi emandako ostikoa «nahi gabe» izan zela esanda. Neurketa bukatu berritan, ostera, jazotakoaren irudiak ikusi eta Carlosek inolako intentziorik gabe lurreratu zuela ohartuta, partidaren txosten berri bat osatu zuen, beste bertsio batekin, Ligari helarazteko. Horrek, baina, ez du zigorretik libratu.