GARA
DONOSTIA

Irakasleak irakurzaletasunaren akuilu bilakatzeko egitasmoa

Galtzagorri elkarteak eta Gasteizko Gobernuak euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko proiektu berria abiatu dute. Elkarteko profesionalek zenbait ikastetxe bisitatuko dituzte, irakasleei tailer praktikoak eskaini eta haur eta gazte literaturari buruzko ezagutza hedatzeko.

Gasteizko Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Galtzagorri elkarteak haur eta gazteen artean euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko abiatuko duten egitasmoa aurkeztu dute. Akordioaren arabera, Galtzagorriko profesionalak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroetara joan, eta irakasleei lantegi praktikoak eskainiko dizkiete. Gurditxo batean euskarazko haur eta gazte literaturako berrogei liburu eramango dituzte eta horien bidez landu daitezkeen estrategien berri emango diete irakasleei, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna pizteko bitartekari eraginkor eta motibatuak izan daitezen.

Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek honela azaldu zuen: «Ekimen honen bidez hainbat helburu lortu nahi ditugu; irakurzaletasuna sustatu, euskarazko haur eta gazte literatura ezagutarazi, euskara gozamenarekin lotu, euskara maila hobetzen lagundu… Oso eraginkorra izan daitekeelakoan gaude». Ekimenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentro guztiek parte har dezaketela ere zehaztu zuen eta izena ematea erabakitzen dutenek Galtzagorri elkarteko aholkulariaren bisita bana jasoko dutela ikasturtean zehar.

Izen-ematea zabalik

Egitasmoan izena emateko epea zabalik dago, otsailaren 5era arte. Datuen arabera, Bizkaian EAEko eskolen %50 daude, Gipuzkoan %30 eta Araban, azkenik, %20. Hortaz, saio kopurua proportzio horretan banatzea aurreikusten dela esan zuten. Era berean, saioen erdiak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat izango dira, eta gainerakoak Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzakoen artean banatuko dira, beti ere egindako aurreikuspenen arabera. Parte-hartzea lurralde bakoitzaren kuotara iritsi artekoa izango dela azaldu zuen Lakuako arduradunak, eta izen-ematea, ordenaren araberakoa. Eskaera egin daitezkeen saioak baino handiagoa bada, itxaron-zerrenda bat irekiko da, eta bertako zentroek lehentasuna izango dute hurrengo ikasturtean. Proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango da, eta kopuru hori agortu arteko saioak emango dira.

Bisita horietan, Galtzagorriko aholkulariek 40 liburu inguru eramango dituzte eskoletara, eta liburu guztien gaiak eta ildo nagusiak aurkeztu eta azalduko dituzte. Material hori guztia izango da oinarria, eta horren bidez irakurzaletasuna sustatzeko jorra daitezkeen dinamiken eta estrategien proposamena egingo da. Azkenik, parte hartzen duten zentro guztiei gida txiki bat banatuko zaie.

Euskarazko haur eta gazte literaturako liburuak daude egitasmo honen oinarrian. Hala, 25 liburu aukeratuko dira LH eta HHko irakasleen lantegietarako; eta 15, DBHko lantegietarako. Urtean argitaratutako «kalitate handieneko» liburuek izango dute lehentasuna, baina zenbait klasiko ere izango dira tartean.