Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

Ustekabetik errealitatera

Bere ibilbide ikusgarriak EDF boteretsuaren aurkari nagusia bilakatu du Eibar play-offaren borrokan.

Koordinatzailea, entrenatzailea eta honen laguntzaileak, talde erdia... Aldaketa ugari izan zituen Eibarrek udan eta, urte erdi igarota, gorri-urdinek asmatu zutela esan daiteke. Ligaren bigarren itzulia hasi berri denean –beti ere Athletic ezin dela igo kontuan hartuta–, badirudi play-offaren borroka armaginen eta EDFren arteko dema izango dela. Itxia, azken jardunaldiaren emaitzen ondoren, puntu bakarrera gutxitu baita Eibarren desabantaila.

Espero zitekeena, errioxarren kasuan, baina ezusteko nabarmena gorri-urdinei dagokienez. Xuban Peñak berak «harrituta» dagoela onartzen du. «Ez genuen espero hor goian egotea. Baina neskek oso ondo egiten dute lan eta horrela suertatu da. Hori izan da bidea orain arte, lana, lana eta lana, eta horixe izango da aurrerantzean ere. Eta emaitzak baldin badatoz, askoz hobeto».

Entrenatzaile azpeitiarrak ez du urrunago joan nahi: «Asko falta da, eta lortzen ari garen emaitzek kontrakoa isla badezakete ere, maila oso gogorra da». Ikusi besterik ez dago EDF boteretsuak azken jardunaldian Ardoi azken sailkatuaren etxean berdindu baino ez zuela egin. «Hor daukazu eredua. Edozein taldek eman dezake sorpresa bat edozein aurkariren kontra. Orain arte jokatu ditugun 16 partidetan ikusi dugu sailkapenak dioena ez dela kontuan hartu behar. Hargatik, gure egoera oso ona dela onartuta ere, ezin gara larregizko konfiantzarekin ibili. Arriskutsua litzateke. Partidaz partida joan behar dugu».

Izan ere, kostata hitz egiten du Peñak Eibarrek Logroñon jokatuko duen norgehiagoka erabakigarriari buruz. «Aurretik beste partida bat jokatu behar dugu –gogorarazi du–. Alaves gainditzea da gure erronka orain eta badakigu ez dela erraza izango. Gogoratzen ditugu nolako zailtasunak izan genituen lehen itzuliko partidan; azken minutuan irabazi genuen. Eta orain hasten bagara hurrengo partida hau ez den beste gauza batzuetan, kale egingo dugu. Orain arte bezala, partidaz partida jarraitu behar dugu», azpimarratu du.

Kostata, baina azkenean entrenatzaile armaginak bere taldeak Alavesen aurka aritu ondoren Logroñon jokatuko duen neurketari buruz hitz egitea onartu du. «Garrantzitsua izango da, noski, jokatzeko polita ere bai». Eta lehen itzulian Unben ikusitakotik desberdina. «Oso desberdina, batez ere euren ikuspuntutik. Aurreko partidara, oraindik 3. jardunaldia zela –gogoratu du–, beraiek ‘faborito’ etiketarekin etorri ziren, baina gu, aurreko partida biak irabazi bagenituen ere, inkognita bat ginen oraindik. Ezustekoa izan zen beraientzat. Atsedenera 1-3 heldu ginen, baina bigarren zatian bi gol sartu genituen, Logroño hamarrekin geratu zen eta partidak bost minutu gehiago jarraituz gero, nire ustez, irabazi ere egingo genuen. Nik uste hurrengoan Unben gertatutako guzti hori begietan edukiko dutela, errespetu handia egongo dela alde bietatik eta partida desberdina izango dela».

Eta erabakigarria, egun EDF eta Eibar play-offa jokatzeko hautagai bakarrak direla esan baitaiteke. Peñak, ordea, ez du horrela ikusten. «Ez, ez, hori ezin dugu pentsatu. Egia da alde polita daukagula (11 puntu Oiartzuni, 12 Osasuna eta San Ignaciori), baina Oiartzunek eta Osasunak partida bat gutxiago daukate eta, batez ere, oraindik gauza asko gertatzeko denbora dago. Gerta liteke hiru edo lau partida galtzea bigarren itzulian eta atzekoren batek harrapatzea... Ez dugu &bs;pentsatu nahi, lanean jarraitu besterik ez dugu nahi».

Ametsei, hala ere, ez die atea ixten. «Amets egitea libre da. Eta, ziur aski, hor goian ikusteak motibazio pixka bat gehiago ematen dio taldeari, baina oinak lurrean mantendu behar ditugu. Partida gutxiren faltan, posible dela ikusten dugunean, bai, bere bila joango gara. Baina bitartean, lana, partidaz partida eta oinak lurrean».

Poztasun eta lasaitasun berberarekin jarraitzen ari dira denboraldia armaginen klubean. «Ilusio handia dute eta badakigu asmoa epe ertainean igoeraren borroka horretan egotea dela –dio azpeitiarrak– baina ez dago inolako presiorik. Animoak, laguntza eta ilusioa transmititzen digute.

Astea

Golak. Mugimenduak egon dira golegileen zerrendaren goialdean, baina Charlyn Corralek (Levante) lidergoari eutsi dio, 14 golekin. Bere atzetik, Mari Paz (Valentzia) 11rekin eta Sonia (Atletico) eta Maria Jose Perez (UDG) 9 golekin daude.

Bigarren Maila. Elurteengatik bertan behera geratu ziren partidak jokatuko dira aste honetan. Mulier eta Añorga bihar (20.30) lehiatuko dira eta Osasuna eta Oiartzun, etzi (18.45).

Fitxaketak. Marina Agoues zarauztarrak Santa Teresan jokatuko du denboraldi amaierara arte. Igandean debutatu zuen bere talde berriarekin Lezaman. Extremadurako taldeak Alexyar Cañas atzelari venezuelarra ere fitxatu du. PSGk, bere aldetik, Perle Morroni hegalekoa utzi dio Bartzelonari ekainera arte.

Deialdia. Jorge Vildak Eunate Arraiza (Athletic) eta Irene Paredes (PSG) deitu ditu Espainiak eta Holandak larunbatean Murtzian jokatuko duten lagunartekorako. Paule Aranak (Aurrera) eta Naroa Uriartek (Athletic B), bere aldetik, Espainiako 17 urte azpiko selekzioaren lan saioetan parte hartuko dute Madrilen datorren astean.

Ingalaterra. Manchester City indarreko txapeldunak eta Arsenalek jokatuko dute WSL Continental Cup-eko finala. Ligako liderra den Cityk Chelsea gainditu zuen finalerdietan Nadimen golari esker eta Arsenalek Readingi irabazi zion (2-3).

Amerika. Joan den larunbatean hasi zen Ekuadorren datorren asteartean amaituko den CONMEBOLen 20 urtez azpiko txapelketa. CONCACAFekoa, berriz, bihartik hilaren 28 arte jokatuko da. Bietan banatuko dira udan Frantzian jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko txartelak.

Paraguai. Lanpostuan bi egun iraun eta gero, Vladimir Marinek badauka ordezkoa: Ramon Subeldia da Paraguaiko hautatzaile berria. 2016an Sportivo Luqueñorekin Libertadores irabazi zuen entrenatzailearen lehen erronka apirilean lehiatuko den Amerika Kopa da.