Lander GARRO
Idazlea

Diputatu jauna eta idazlea

Xabier Letek hainbat poema plagiatu zituen salaketa egin du duela gutxi Koldo Izagirre idazleak, eta hautsak harrotu ditu geure fauna literarioaren barruan. Eta bai, poeta humanoa zen Lete, tentazioak izan zituen, esaterako betiereko loriarena, eta amore emanda, tranpa egin zuen. “Denok” egiten dugun tranpa, askok esan duten bezala. Bueno, hori eta zertxobait gehiago. Baina tira, ez gara orain inor gurutziltzatzen hasiko. Edonola ere den, ziria sartu nahi izan zigun Letek, eta ez zen uste izan zuen bezain abila izan. Edo akaso bai, mundu hau behintzat bakean despeditu baitzuen, salaketa publikoaren lotsa ezagutu beharrik izan gabe. Kuriosoa da: Lete bizirik zela askok zekiten zertan ibili zen poeta, baina isilik iraun zuten errespetuz, erreberentziaz, fedez kasik. Eta bere sekretuak berarekin galduko ziren esperantza oparitu zioten. Ez da opari makala. Orain, ostera, bera desagertua den honetan, inor mindu gabe egia azaleratzen hasteko garaian, Koldo Izagirre jarri dute akusatuen aulkian. Ezin da hildakoa aztoratu; bai, ordea, bizirik dagoena. Leteri tranpak barkatu zizkiotenek ez dizkiote, itxuraz, Izagirreri zintzotasuna barkatu nahi: gutxien-gutxienez, susmagarria egiten zait niri, baina ez nadin gaizki pentsatzen ari, hura diputatu izan zela eta hau betiereko hatxebero-working-class sinple bat. Eta gainera, idazlea. Paria bat, azken batean.