Amalur ARTOLA
TOLOSA

Txikikerietan itotzen ikasi duen gizartearen «Arazo modernoak»

Urtebetez oholtzetatik urrundu, eta su eztitan ondutako diskoa da «Arazo modernoak», Bi Bala-ren hirugarrena. Biltzen dituen bederatzi abestien bidez inguruan duten errealitateaz egiten duten erradiografia aurkezten dute taldekideek, salaketa eta umorea uztartuz.

Disko «kontzienteagoa» egiteko urtebetez oholtzetatik urrun ibili da Bi Bala taldea eta hala, su eztitan eta diskora emango zituzten aleak mimoz zainduz osatu dute “Arazo modernoak” (Bonberenea Ekintzak), bertso-rock bandaren ibilbideko hirugarren diskoa. «Aurreko diskoko bira nahiko potentea izan zen, kontzertu asko eman genituen eta espiral horretatik ateratzeko eta disko berriarekin hasteko gogoa geneukan», azaldu du Iñaki Gurrutxagak, Bi Balako gitarrista eta abeslariak. «Aurrekoetan, egia esan, martxan ginela egin genituen diskoak eta, hemen, gelditu, arnasa hartu eta ia-ia zerotik hasteko intentzioarekin abiatu ginen».

Emaitza bertsolaritza eta rock musika uztartzen dituen bederatzi abestiko diskoa da, inguruan duten errealitateari bigarren begiratu bat eman eta azentua kritika sozialean jartzen duena. Diskoari izena ematen dion abestian, kasu, honakoa diote: “Interneteko birusak eta/ txertorik gabeko haurrak/adar jartzeen hipotekak ta/ hipotekaren adarrak/ faborito edo retweet/Cola Caoa edo Nesquik (...) Arazo modernoak,/ entzefalograma planoak,/ bizitza garantian ote dudan/begiratzera noa”.

«Iruditzen zaigu oso arazo txikietatik arazo handiak sortzeko gaitasuna duen gizartea eraiki dugula, eta hori eraman nahi izan dugu hitzetara. Taldekideok –Gurrutxagaz gainera, Xabier Etxeberria Pitxuk (baxua), Julen Goikoetxeak (bateria) eta Aitzol Barandiaranek (ahotsa) osatzen dute taldea– bi aro oso diferente bizi izan ditugu; frankismoaren bukaeran sortuak gara eta horren eragina badugu, garai hartako problematika, eta bestetik gaur egungoa ere bizi dugu, hirigintza nola eraldatu den urte gutxiren buruan, milenialen kontua... Konparaketa horretan geure burua kokatzeko lanketa bat ere bada disko hau», zehaztu du Gurrutxagak.

Aurreko bi diskoetan bezala –“Wasabi”, 2014, autoekoizpena; eta “Gure eroyak”, 2015, Bonberenea Ekintzak–, Bi Balaren hitzetan kritika soziala eta umorea eskutik helduta joan dira. «Edozein salaketa zuzenegia bada, barrera bat jartzeko joera izaten dugu baina, umoretik eginez gero, errazago sartzen da eta hausnarketarako bide gehiago irekitzen dira. Egia da badaudela umoretik apenas duten kontuak, etorkinen gaiak edo iheslarienak, adibidez, beste talaia edo seriotasun bat eskatu digute, baina egunerokotasuneko gure bestelako arazoek eta horien aurrean hartzen ditugun jarrerek ematen digute geure buruari barre egiteko motibo asko», azpimarratu du.

Taldekideetako bi, Gurrutxaga eta Barandiaran, bertsolariak izateak hitzetan arreta berezia jartzera eramaten du Bi Bala, baina horrek ez ditu arlo musikala bigarren planoan uztera eraman. «Benetan konbentzituko gintuen soinua lortzea zen helburua. Soinu organiko edo erreal bat nahi genuen eta, horretarako, atzera eta aurrera ibili gara, proba asko eginez. Ez genuen soinu modernoa nahi, gaur egun dauden aukera guztiekin soinu prozesatuegien saturazioa dagoela iruditzen zaigulako eta hortik ihes egin nahi genuelako. Guk entzuten dugun musikara hurbildu nahi genuen, ez dago beste misteriorik».

Behin kantuak osatuta, Bonberenean grabatu zuten diskoa iazko irail eta urria bitartean, Karlos Osigana Txapekin. Grabatzera «inoiz baino seguruago» joan zirela baieztatu du Gurrutxagak eta horrek prozesua erraztu zuela, eta nahasketak egiteari eskaini diotela denbora. «Luzatu egin zen... hasten zara eta ez dakizu noiz gelditu, hor pixka bat kateatu ginen».

Emaitzarekin asebeteta daudela ziurtatu, eta eskaini dituzten dozena bat kontzertuetan zaleek izan duten harrerarekin gustura daudela ere esan du: «Konturatu gara diskoa atera eta astebetera jada jendeak kantak bazekizkiela. Zuzenekoetan publikoa oso gertu sentitu dugu eta hori luxu bat da, normalean amildegi bat izaten delako eszenatokiaren eta publikoko lehenengo lerroaren artean».