Amalur ARTOLA
ERRENTERIA

Kabaret formatuko «Txarriboda»

Txerri hilketaren inguruan egiten den festa handia da txarriboda, baina ezkontza bat ere bilaka daiteke «txarriboda». Hala uste du Agurtzane Intxaurraga buru duen Hika antzerki taldeak eta hala izendatu dute bihar Errenteriako Niessen kulturgunean estreinatuko duten ikuskizuna. Zuzeneko musika, kritika sozialerako bidea irekitzen duen kabareta, umore azidoa eta narrazio gordina izango ditu osagai Hikaren «Txarriboda»-k.

Agurtzane Intxaurragak argi zuen zer kontatu nahi zuen eta nola. «Ezkontza bat nahi nuen kontatu, baina narrazioa eta kabareta erabilita. Ez daukagu euskal kabaretik eta, gainera, niri musikaren inguruko ikuskizunak asko gustatzen zaizkit». Eta erronka hori jarri zion bere buruari: euskal kantutegia oinarri hartuta kabareta, umorea eta narrazio basatia izango zituen ikuskizuna osatzea.

Duela urte batzuk Andres Limaren ikastaro batean Bertolt Bretchen “Die Kleinbürgerhochzeit” (“Burges txikien ezkontza”) lantzen ari zirela egituratu zuen proposamena berreskuratu, eta urteotan zirkuaren eta inprobisazioaren inguruan egin dituen formakuntza saioetan ikasitakoak batuta sortu du “Txarriboda”. «Zerbait berria sortzeko beharra nuen, nire konfort gunetik ateratzekoa, eta erronkari heldu nion».

Mireia eta Imanolen ezkontza ospakizuna du ardatz “Txarriboda”-k. Emaztegaiaren aitak, «Ipertrolako handi-mandiak», antolatu duen ospakizun festan gonbidatu guztiak daudela dirudienean Txusa azalduko da, gizon gorputzean bizi den emakumea eta Imanolen aitaren azken bikotekide izan zena hura hil artean. Ezusteak pilatuko dira. Iraganaren pisua antzemango da. Eta ezkontza zoriontsua beharko lukeenak txarriboda izaten amaituko du.

«Zergatik ezkontza bat? Ba, ezkontzek liturgia oso teatrala dutelako, izan ezkontza zibilean zein eliza bidezkoan, partitura bat jarraitzen da normalean eta bada zerbait sekula modaz pasatzen ez dena. Gainera, ezkontza bat ez da egun bateko ebentoa: norbaitek ezkonduko dela iragartzen duen unetik hasten da ebento izaten, izan familiako kidea, gertuko laguna edo bestelako gonbidatua, beti dago aitzakia ezkontzez hitz egiteko». Eta badago ere ezkontzak inguratzen dituen parafernalia guzti hori ere: «Horren inguruko kritika ere izan nahi du. Hori du kabaretak, gauzak gordinkeriaz kontatzeko eta kritika soziala egiteko aukera ere ematen dizula. Baina helburua barre eragitea da, jendeak ongi pasatzea», nabarmendu du.

Eta, horretarako, publikoa ere antzezlanaren parte bilakatzea izango da gakoa. Hala, Mireia eta Imanolen ezkontzaren ostean, gonbidatuak ospakizun festa hartuko duen aretora sartzen direnean abiatuko da ikuskizuna. Ikusleak berak ezkontzako gonbidatuak diren sentipena izango dute eta kontakizuna era linealean egingo da, denbora errealean. «Ezkontza baten kontakizuna egingo dugu, momentu horretan bertan gertatzen ari dena. Ni ohitua nago flashbackekin eta abarrekin lan egiten, baina oraingo honetan ez da atzerako begiradarik egongo». Bigarren plano hori kabaretaren bidez lortuko dute, «gertatzen ari den horren gordinkeriari eusteko aukera ematen baitigu kabaretak, sentimenduetan sakontzekoa».

Su eztitik presio-eltzera

Oholtza gainean sei antzezle ariko dira. Patxi Gonzalez, Sandra Fdez. Agirre, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Juanjo Otero eta Iñaki Maruri. Horiekin guztiekin landu du ikuskizunaren testua Intxaurragak eta prozesua emankorra bai baina nekeza ere izan dela onartu du. «Normalean, Arantxarekin [Iturbe] lan egin izan dudanetan, testuak etxean ondu izan ditugu eta behin amaitutakoan hasten da bigarren prozesua, aktoreekin testu horiek zutik jartzea», azaldu du Intxaurragak, baina oraingoan alderantzizko bidetik, aktoreekin batera egindako inprobisazio ariketen bidetik, abiatu dute testua, «eta, noski, ideia oso ederra da, baina halako prozesu batek eskatzen du su txikian kozinatzea, eta gure lanbide honetan egutegiak adostea oso zaila bihurtzen ari da, denok gaudelako mila saltsatan aldi berean bizibidea ateratzeko».

Hasiera batean, ikuskizuna bost egoitza edo egonalditan lantzea zen asmoa. Hernanin abiatu zuten ekimena, Durangon aritu ziren gero, Donostian egin behar zutena bertan behera utzi behar izan zuten egutegiak bateratzeko zituzten arazoengatik, eta Azpeitian bost aste eta Errenterian bi egin dituzte. «Hori ere izan da erronka proiektu honekin... Lau bizkaitar eta bi gipuzkoar dira, eta zentzu horretan ‘Txarriboda’ bilgune bat ere bilakatu da, irailean hasita zatika presio-eltzean kozinatutako obra da. Ezkontzetan gertatzen den moduan, sakabanatuta dagoen familia bildu egin da entsegu eta egoitza-egonaldiak egiteko, sorkuntza prozesua familia eta herri oso bati zabaltzeko».

Eta, hain zuzen, herritarrak oholtza gainera eramatea ere bada ikuskizunaren helburua: «Ezkontza guztietan izaten da aurreskua dantzatzen duen inor edo bertsolariren bat, eta ‘Txarriboda’-ko gure ezkontzan ere hala izatea nahi dugu. Errenterian egingo dugun estreinaldian, adibidez, aurreskua egongo da», iragarri du.

Gainerakoan, “Txarriboda” gozatzeko ikuskizuna izatea nahiko lukeela nabarmendu du: «Espero dugu, ezkontzetan bezala, jendea oroitzapen on batekin irtetea».

 

Onintza Enbeitaren hitzekin ondutako kantu gordinak

Kontakizun gordina nahi zuen Intxaurragak, istorioa bera bezain gordina, eta euskal kantutegi tradizional zein modernoko doinuei hitz berriak jartzeko Onintza Enbeita izan du konplize. «Letra horiek eramaten gaituzte kabaretaren mundu horretara, gertatzen ari den horren gordinkeriari eusteko bidea dira», azaldu du Hika-ko kide eta “Txarriboda”-ren zuzendari Agurtzane Intxaurragak. Abestuko dituzten kantuen lelo nagusiak «bizitza txerriari eusteko baino ez ginen jaio, bizitza txerriari etekina atera behar zaio» diola ere zehaztu du Intxaurragak, hitzek «ikusi berri dugunaren ikuspuntu gordina ateratzeko balio behar dutelako, kritika sozialari eusteko eta ikusleak hausnarketara eramateko».

Zuzeneko musika izango du ikuskizunak eta, besteren artean, Antton Valverderen edota Imanolen doinuak eta “Anteron” kantu herrikoia interpretatuko dituzte. Hitz guztiak Enbeitarenak dira, bi kanturenak kenduta: Anariren “Naufragoak” eta Afu taldearen “Banoa”. «Horiek bere horretan utzi ditugu, horiek guretzat eginak zeudela ematen zuelako», amaitu du Intxaurragak. A.A.