Binakakoaren antipodak
Elezkano II.a-Rezustak lidergoa nahi dute eta Bengoetxea-Larunbek azken postutik ihes egin.

Binakakoaren antipodak gurutzatuko dira gaur arratsaldean Labriten, Elezkano II.a-Rezusta eta Bengoetxea VI.a-Larunbek jokatuko duten partidan. Urtebete ere ez da igaro gaurko protagonistetatik hiruk –Zaratamoko aurrelaria ez zen orduko hartan egon– Binakako finala jokatu zutenetik eta egoera guztiz desberdinetan neurtuko dituzte indarrak bi bikoteen txapelketa erabat baldintzatuko duen partidan.
Aspeko bikoteak taularen goiko sabaia bilatuko du gaurko lehian. Altuna III.ak eta Martijak ostegunean Mungian galdu eta gero, badakite lehen postua eskuratuko dutela 22. kartoira heltzen badira eta, gainera, azken emaitzekin morala gainezka daukate. Txapelketa hasieran zenbait zalantza azaldu bazituzten ere, batez ere Rezustak iazko sendotasuna berreskuratu duela dirudi eta Elezkanok ere aurrerapauso bat eman du erasoan.
Bikote lehiakorra osatu dute Aspeko bi ezkerrek eta horren erakusle da hiru partidak, azken hirurak –Victor-Albisuren kontra Etxebarrin, Olaizola II.a-Untoriaren aurka Sorian eta Ezkurdia-Zabaletaren aurka Labriten– tanto bakarraz irabazi dituztela, gainera, partidako azken tantoetan azken sakea aurkariaren esku zela. Haizea ere alde dutela dirudi eta hori aprobetxatu nahi izango dute seigarren garaipena errenkadan lortu eta, zazpi punturekin, finalerdietako ateak parez pare irekitzeko, lehen itzulia amaitzeko oraindik bost partida geratuko direnean.
Txanponaren bestaldean
Erabat bestelakoa da iazko txapeldunordeen egoera. Zortzi partida jokatu ostean, bi puntu baino ez dituzte eskuratu eta apenas dute huts egiteko aukerarik. Hala ere, sailkapenaren hondoan egotea baino kezkagarriagoa da oraintxe bertan erakutsitako joko maila, bereziki Oinatz Bengoetxearen kasuan.
Azken txapelketetan puntaren puntan aritu ostean, leitzarra ikaragarri sufritzen ari da hanka zoletan dituen arazoengatik. Hilabeteak dira minak hasi zitzaizkiola eta apenas entrenatu ahal du astean zehar, partidak «lehertuta» amaitzen dituelako. Atsedena da halako gaitzak sendatzeko botika ia bakar eta eraginkorrena, baina pilotari batzuen agendek ez dute horretarako aukerarik ematen. Buruan ibili du astebetez atsedena hartzea, baina sailkapenak behartuta, gaur kantxara irtengo da berriz Bengoetxea VI.a, plantilla berri batzuen laguntzarekin. Astean zehar entrenamenduetan egindako probak oso onak izan dira, eta «berriz ere kantxan disfrutatu» nahi luke.
Atzean, Mikel Larunbe txapelketa txukuna osatzen ari da, baina argi dago bikotearen zama bere aurrelariak eraman behar duela eta Oinatzik onena berehala behar dute lehian bizirik irauteko. Gaurkoan, azterketa zaila izango du Beñat Rezusta bezalako jotzaile baten aurka.
Bikote bakoitzaren intentzioak nahiko argi geratu ziren pilotariak erabat ase ez zituen material aukeraketaren egunean. «Gureen artean badago bakarren bat baxuegia dena eta eurenen artean, biziegia izan daitekeen bakarren bat ere bai. Iruditzen zait mugak ez direla gehiegi zaindu oraingo honetan», adierazi zuen leitzarrak, kexan gehiegi sakondu nahi gabe. Pilotalekuetan zailena da Labrit materiala jartzerakoan eta ea ez den alde horretatik hausten. Muturren arteko lehia izango da beraz gaurkoa Iruñean, antipodak gurutzatuko direna.
Derbiak palako Buruz Burukoan
Frantziarren eta armintzarren arteko bi lehiek erabakiko dute ze bi pilotari pasako diren palako buruz burukoaren final-laurdenekoetara. Necol eta Brefel neurtuko dira arratsaldeko lehen lehian –Gaubea izango dute zain– eta Fustoren aurka lehiatzeko txartela bilatuko dute geroxeago Zubiri eta Urrutia gazteek.
Bi frantziarrek hamaika aldiz egin dituzte Bilborainoko bidaiak elkarrekin kotxean. Gaur ere hala egingo dute, baina itzulerako bidaia batak besteak baino askoz gusturago egingo du. Bata zein bestea indar askoko palistak dira eta urduritasuna hobekien kontrolatzen duenak asko izango du irabazita.
Zubirik eta Urrutiak, euren aldetik, Armintzako zaleak bananduko dituzte. Urrutia Landetari erraz irabazita sailkatu da bigarren kanporaketa honetara, baina orain Mungiako aurrelaria baino askoz indartsuagoa, baina irregularragoa, den Zubiri izango du aurrean.J.O.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
