GARA
GASTEIZ

Jose Luis Azkarateren paisaiak, Gasteizko Luis de Ajuria aretoan

Urtaroetako garai desberdinak jasotzen dituzten hainbat paisaia erakusten ditu, hirikoak, kostaldekoak eta mendikoak.

Vital Fundazioaren Luis de Ajuria aretoak pintura erakusketa batekin hasi du urtea. Jose Luis Azkarate margolari gipuzkoarraren “Argia eta paisaia” erakusketan egileak argiaren eta paisaiaren argudioaz jolastuz sortu dituen hemeretzi lan daude. Hiriko, kostako eta mendiko paisaiak dira, eta bertan, neguko, udako eta udazkeneko argia islatzen da. Egileak dioenez, «kateatutako argi zirrara txikiak dira».

Piezetako zazpik itsasoarekin dute zerikusia, non argiarekin eta kolorearekin egiten den jolasak adierazpen aukera gorena ahalbidetzen duen. Hartara, Costa Brava ikus daiteke, arrastiria Rosses-eko golkoan, ekaitza Zumaian edo Donostian iluntzean. Beste sei hiriko paisaiari lotutakoak dira, gune monumentalak aztertzen dituztenetatik eguneroko tokietaraino. Gasteiz atal horretan agertzen da, eta zenbait pinturatan San Rokeko kantoia, Aihotz plaza edo hiria bera elurrez zurituta ikus daitezke. Azken seiek barneko paisaia erakusten dute, Bardeako basamortutik euskal gailurretaraino.

Jose Luis Azkarate Bergaran jaio zen 1956an. «Herri horrek margolari eta artista tradizio esanguratsua du Ilustrazioaren garaitik, XVIII. mendean. Joan den mendeko 70eko hamarkada oso emankorra izan zen ekimen kultural eta artistikoetan, eta urte horietan eta inguru hartan hasi zen lehendabiziko ikasketak egiten zenbait margolarirekin, hala nola Miguel Okina, Arrieta, Azkargorta edo Eguren. Eragin hark oraindik ere bere lanetan dirau. Garai hartan, sarri hartzen zuen parte aire zabalean egiten ziren pintura lehiaketa lasterretan», gogoratu dute Luis de Ajuria aretoko arduradunek.

Gero, arkitektura ikasi zuen Azkaratek Valladolideko Eskolan, eta ordutik, hirigintzan aritu da, batez ere. 1984an, Gasteizko Alde Zaharrean zegoen Andatarren Etxadia antolatzeko lehiaketa irabazi zuen, Luis Navarro eta Isabel Martirekin batera, egun Buruileria plaza dena. Jose Luis Azkaratek hiriaren arazoen eta erronken behatzaile zuhurtzat du bere burua eta bokazio hori margolaritzarekin uztartu du.

Eragin asko eta anitzak ditu; inpresionismoa, era naturalagoan eta egituratzaileagoan, baina baita Turner eta bere apunte-koadroak ere, Goya eta Velazquez, Morandi, Rothko eta beste espresionista abstraktu batzuk, Oteiza eta bere “Quosque Tandem”, Vazquez Diaz eta Antonio Lopez, Lucian Freud… «Gehiegizko artifizioetatik eta lanarekiko harreman emozionala eragozten duten hesiak sortzen dituzten efektuetatik ihes egiten saiatzen da bere estiloa. Xumetasunari ere, bertutea deritzo. Pixka bat harago begiratzeko gaitasuna balioesten du, kanporantz eta barrurantz. Batez ere giza figura lantzen du, erretratua, eta guztien gainetik, paisaia. Paisaia gai infinitua da, eta emozio guztiek dute lekua bertan, baita hurbiltze-instintu guztiek ere», gaineratu dute.

Teknika

Azkaratek erabiltzen duen teknika xumea da. Funtsean, Altamiran erabilitakoaren oso antzekoa da: ikatza, pigmentua eta olioa. Bere aburuz, «olio-pinturaz lortzen den gantzutasuna eta sakontasuna, ez da lortzen hain erraza beste teknika batzuen bidez». Pintura, azkenean, materikoa da, eta mota guztietako tresnen bidez lantzen du, adierazkortasunez eta euskarri gogor baten gainean, taula kontratxapatua, esaterako.

Azkarateren iritziz, egoa kontrolpean izan behar den adinean, «artista bere kobazuloan eta bere munduan itxita geratzearen tentazioa ager liteke». Horregatik, lana erakusteak «ikusleria zabalari irekitzeko eta gehienetan lagungarria den kritika jasotzeko aukera ahalbidetzen dio». Erakusketa otsailaren 2ra arte ikus daiteke, astelehenetik larunbatera 18.00etatik 20.30era, eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30era. Sarrera doakoa da.