Eskoziako neguko eskaladetan espezialistak estutzen ari dira
Greg Boswellek eta Guy Robertsonek, Glencoen, zailtasun handiko bideak sinatu dituzte. «Lost arrow winter variation» bidearentzatX/10 gradua proposatu dute. Eta «The Holy Grail»-entzat, berriz, IX/10. Baldintzak inoiz baino hobeak izaten ari dira.
Eskoziako neguko eskaladek badituzte azpimarratzekoa diren berezitasunak. Batetik, jardunak oso baldintza espezifikoetan egiten dira. Horrekin esan nahi dugu negua iritsi eta paretak antzigarrarekin estaltzen direnean hango espezialistak pozik jartzen direla. Bestetik, gurean ez bezala, zailtasunaren eskala zeharo ezberdina da. Hori guztia dela eta, gure ingurumarian zaila egiten da jardun horiek neurtzea.
Egoera hori behin aurreratuta, aipatu behar dugu hango aurtengo denboraldia oparoa izaten ari dela. Azken bi urteotan ez bezala, oso baldintza onak izaten ari dira. Eta horri esker, besteak beste, goi mailako eskaladak egiteko aukerak dituzte. Bi espezialista zailduk sinatu dituzten bi adibide jorratuko ditugu. Greg Boswell-i eta Guy Robertson-i buruz ari gara. Bada, biek ala biek, Glencoe izeneko alderdian, “Lost arrow winter variation” (X/10) eta “The Holy Grail” (IX/10) igo dituzte.
“Lost arrow winter variation” bideari dagokionez, aurreratu behar dugu iragan abenduan eskalatu zutela; antza denez, Eskoziako neguko eskaladen artean zailenetarikoa da.
Church Door Buttress de Bidean nam Bian sektorean dago, bost luze ditu, eta, protagonistek adierazi dutenez, hiru saio behar izan zituzten: «Lehenbiziko ekinaldian, zailtasun handiak aurkitu genituenez, oso mantso joan ginen. Gainera, gauak harrapatu gintuen. Azken saioan, berriz, eguna argitu baino lehen zutoinaren sarreran ginen. Ia luze guztiek buruhausteak eman zizkiguten; besteak beste, tximinia batek. Oso gogorra eta teknikoa da. Hori guztia gainditu ostean, zeure aurrean bi sabai dituzu. Loria lortu nahi genuen, eta haren bila joan ere. Azken sabaia gauez eskalatu genuen. Inolako zalantzarik gabe, ikaragarri zaila den luzea eskalatu genuen».
Boswellek eta Robertsonek onartu dute “Lost arrow winter variation” zailtasunean oso iraunkorra dela: «Esan behar dugu ‘Lost arrow’ bideak udan E3 6a gradua duela. Ez da zaila, baina neguko baldintzetan ohartu gara geure mugan ibili garela. Gure iritzi apalean, Glencoen eta Eskoziako beste ingurumari batzuetan egin ditugun eskaladen artean azken hau zailenetarikoa da. Ia luze guztietan 9 eta 10 zailtasun teknikoak gainditu behar izan genituen. Bidearen giltza, agian, bigarren luzean dago, baina goialdea (bi sabaiak) erokeria hutsa da».
Eta gehiago
Nahiz eta bi espezialista horien proposamen gogorrenetarikoa izan, gogoratu behar dugu duela hiru urte Boswellek eta Robertsonek egundoko denboraldia sinatu zutela. Izan ere, X gradua (arriskua) duten hiru bide bistan eta hamabost eguneko tartean sinatu zituzten.
Eskalatzaile hauen bigarren jardun azpimarragarriak “The Holy Grail” izena du. Duela hamaika egun eskalatu zuten, eta sei luze dituen marra horrentzat honako proposamena egin dute: IX/10.
Hasteko eta behin, sokada honek argi eta garbi utzi nahi izan du muturreko bide bat eskalatu zuela: «Bidearen giltzaren mugimenduek goragalea eta zorabioak eragiten dituzte».
“The Holy Grail” ere Glencoen dago, baina kasu honetan Buachaille Etive Mor sektorean. Boswellek onartu du alderdi horretan lehen aldia zuela, baina haren inguruan istorio zoragarriak entzun dituela: «Guyk pareta horretako ia bide guztiak (udan zein neguan) eskalatu ditu. Beraz, marra berri bat zabaldu nahi genuen. Murrua bikaina da oso. Goialdean koba bat eta sabai erraldoi bat daude, eta haren bila joan ginen. Luze beldurgarria da, baina ohartu ginen hura gainditzeko aukerak izango genituela. Sabaia ondo babesten da, baina mugimendu oso-oso zailak zein deserosoak ditu. Eta, gainera, ez dira batere agerikoak. Guyk bigarren saioan gainditu zuen».

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
