GARA
MUNGIA

Mungiak hartuko ditu Bertso Eguneko ekitaldiak larunbatean

Iaz iragarri bezala, eguna Donostiatik Euskal Herri osora zabaltzeko apustua egingo du aurrerantzean Bertsozale Elkarteak eta Mungian izango da aurten. Larunbat honetan da hitzordua. Kantuen letra sorkuntza eta bertso idatziak dira aukeratutako gaiak.

Kantuen letren sorkuntza eta bertso idatziak ardatz hartuta datoz aurtengo Bertso Eguneko egitarauaren barruan Bertsozale Elkarteak antolatuko ekitaldiak.

Eguneko lehen saioa eguerdian izango da Mungiako Torrebillela eraikinean. Alaia Martinen esanetara musikarien eta bertsolarien arteko gogoeta egingo da bertan. Ekitaldian parte hartuko dute Rafa Rueda eta Maria Rivero musikari eta abeslariek eta Jon Maia bertsolariak.

Jarraian, poteoa izango da Mikel Barandiaranek eta Julene Otegik girotuta, eta aurtengo Bertso Egunaren gaiari lotuta, bertso jarrien hautaketa bat abestuko da.

Otorduaren proposamena aldatuta dator ohiko Bertso Egunetik. Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, zaleak hiru taldetan banatuko dira egindako hautuaren arabera. «Bertsozale guztiak herriko plazan bilduko gara eta Bertsozale Elkarteko eta Taket Bertsolaritza Alkarteko lagunek lagunduko gaituzte elkarte bakoitzera», azaldu dute.

Bikote bana ariko da kantuan elkarte gastronomiko bakoitzean: Julio Soto eta Onintza Enbeita, Ehiza eta Arrantza Elkartean; Sustrai Colina eta Miren Amuriza, Anaitasuna elkartean; eta Igor Elortza eta Jone Uria, Guri Zer elkartean.

«Jatekoa berbera izango da hiru elkarteetan: urdaiazpikoa, solomoa eta patea; euskal untxia saltsan; euskal pastela eta izozkia; kafea eta kopa. Gogoratu, ez hasi dagokizuen elkartearen bila, errazena ordu bietan plazara joatea izango da», ohartarazi dute Bertsozale Elkarteko arduradunek.

Nabarmentzekoa da, urtero legez, Bertso Egunerako sarrera guztiak aurrez salduta daudela.

Bost bertsolari

Larunbat honetan egingo den jaialdian bost bertsolarik parte hartuko dute: Amets Arzallus, Manex Agirre, Sebastian Lizaso, Oihana Bartra eta Unai Iturriaga bertsolariek. Bostak Alaitz Rekondoren aginduetara arituko dira, nor baino nor.

Artista gonbidatuak ere izango dira. Bertsozale Elkarteak ez ditu izen guztiak aurreratu nahi izan baina, besteak beste, bertan izango dira Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkilariak, Adrian Garcia de los Ojos musikaria eta Jon Martin bertsolaria. Arratsaldeko emanaldiaren ondotik festak izango du jarraipena Mungian.