A.A.
DAKAR RALLYA

Natura azpiratu nahiaren emaitza

«Hego Amerikan egin den ediziorik gogorrena». Halaxe deskribatu duteamaitu berri den Dakarra. Istripuek argi utzi dute nor izan den irabazlea.

Gizakiak bere-berea du naturarekin indarrak neurtzeko grina, nahiz eta jakitun izan –edo hala beharko luke jada– galtzaile irtengo dela. Horixe da, nola ez, Dakar rally ospetsuaren funtsa. Gizakiak prestatutako ibilgailu ñimiñoekin naturaren handitasuna azpiratzen saiatzea aurrez galdutako dema bati ekitea besterik ez da, baina saiakera horretan bizitakoak ez dira nolanahi ahazteko modukoak izango.

«Hego Amerikan egin den ediziorik gogorrena», halaxe deskribatu dute antolatzaile, gidari eta adituek aurtengo Dakarra, eta probak irauten duen bi asteetan izan den istripu kopuru handia izan da horren erakusle nagusia.

Aurten gainera, izen eta babesle handirik ez duten parte-hartzaileen ohiko kolpe eta arazoekin batera, fama handiko gidari asko izan dira bidean ez aurrera eta ez atzera gelditu direnak, eta horrenbestez lehiaketari agur esan behar izan diotenak. Nani Roma, Sam Sunderland, Sebastien Loeb edota Stephane Peterhansel izan dira garaipena lortzeko faboritoen artean hasi arren proba amaitzerik izan ez dutenetako batzuk, eta euskaldunei dagokienez, Txomin Arana bizkaitarrak ere ezin izan zuen Cordobako helmugara iritsi, zortzigarren etapan istripua izan ostean.

Guztira, 185 ibilgailuk lortu dute proba amaitzea, irteera hartu zutenen %55ek bakarrik. Motoetan 85 iritsi ziren helmugara, eta garaipena Matthias Walkner austriarrarentzat izan da. Autoetan 49k osatu dute ibilbide guztia, eta denetan azkarrena Carlos Sainz espainiarraren Peugeot 3008 Maxia izan da. Eta helburua lortu duten 19 kamioien artean, onena Eduard Nikolaev izan da bere Kamaz etxeko ibilgailuarekin.

Baina esan bezala, Dakarra lehiaketa hutsa baino gehiago dela kontuan izanda, aipagarrienak bideko bizipenak dira, eta naturarekin izandako borrokak uzten dituen irudiak. Irudi horietako batzuk, orriotan bildu ditugunak.