Asier AIESTARAN
PILOTA

Sailkapena estututa, neurketa zuzenak datoz

Ezkurdia-Zabaleta eta Irribarria-Merino, lau garaipenekin biak, larunbatean nor baino nor Labriten.

Binakako Txapelketaren bederatzigarren jardunaldiko emaitzek sailkapena asko estutu dute. Azkeneko lau postuetan zeuden bikoteetatik hiruk irabazi egin dute eta orain tarteak oso txikiak dira: lau bikote daude puntu bakarraren gorabeheran, eta azken-aurreko postuan dagoen Laso-Albisu bikoak ere amesten segitzeko aukera du oraindik.

Hala, eta bederatzigarren jardunaldi horretan goikoek behekoen aurka jokatu bazuten, datorren asteburuan jokatuko den hamargarrenak aurkari zuzenak ipiniko ditu nor baino nor, kasik balio bikoitza izango duten partidekin. Batez ere bi azpimarratu daitezke alde horretatik: larunbatean Labriten jokatuko dena, Ezkurdia-Zabaleta Irribarria-Merinoren aurka, biek lau garaipen baitituzte; eta egun berean Markinako Unibertsitatean jokatuko dena, Urrutikoetxea-Untoria (5 garaipen) Laso-Albisuren aurka (3 garaipen).

Egun bat lehenago, ostiral gauean Urdulizen, aurreneko bi postuetan dauden bikoteak neurtuko dira: Elezkano II-Rezusta (7) eta Altuna III-Martija (6). Orain arteko bi bikote onenak izan dira eta ikuskizun polita eskain dezakete, sailkapenaren presiorik gabe jokatuz. Eta jardunaldia igandean itxiko da Gasteizen, aukerarik gabe dauden Bengoetxea VI-Larunbe eta borroka bete-betean dabiltzan Olaizola II-Imazen artean.

Bizkaiko bi pilota aukeraketak gaur egingo dituzte: Urdulizekoa 11.00etan eta Markinakoa 13.30ean. Eta besteak bihar izango dira: Labritekoa 11.00etan eta Gasteizkoa 13.30ean.

Azkenik, pilotari onenaren sariari dagokionez, Jokin Altuna doa aurrena 239 punturekin, Urrutikoetxea (228), Aimar Olaizola (224) eta Beñat Rezustaren (220) aurretik.