«Arriskuak behar ditu kulturak, gauzak ondo egin izanaren epeletan ez moteltzeko»
Hogeita hamar urteko ibilbidea amaitutzat eman du Gorka Arresek (Zarautz, 1965) Susa argitaletxean editore lanetan. Estiloa ez ezik, posizionamendua zehaztu dio argitaletxeari denbora honetan guztian; prestigiatu ere egin du. Onenak emanda dagoen ustean bukatu du bere lana, errepikapenetan eta lurzoru estankatuetan ez erortzeko bidea erraztuz.

Zer moduz zaude?
Despistatuta.
Zergatik?
Editorearen lana aktibitate handikoa da beti. Eta mugimendu handiko jarduera hori bukatuta, orain despistatuta nago. Akzio faltan, nolabait esanda.
Zenbat urtean izan zara Susako editore?
Ba, ez dakit zenbatzen. Lehenengo liburua editatu nuen 23 urte nituela. Gutxi da, ezta?
Zenbat urte joan dira ordutik?
Kuriosoa da. Josu Landak sortu zuen Susa eta publikatu zuten lehenengo liburua berak 23 urte zituela publikatu zen. Eta handik urte batzuetara niri esan zidan. Eta 23rekin egin nuen nik ere. Orain 53 urte ditut.
Hogeita hamar urte, beraz.
Bai, baina tartean “Egunkaria”-ren sortze prozesura jarri behar izan nuen eta Iñigo Aranbarri ekarri behar izan genuen Susako editore izateko. Egon ziren urte batzuk 90-91 inguruan editore jarduna Iñigok egin zuena.
Hogeita hamar urtean editore lanean garapena ikusiko zenuen.
Lana asmatzen ibili naiz. Nik beti esaten dut nire lanean lehenbiziko 15 urteetan ibili nintzela deskubritzen zer izan behar lukeen editore batek, eta azken 15 urteak izan dira benetan editore izan naizen garaia eta Susak ere identitate propio bat edo egiteko modu bat egonkortu edo garatu duen sasoia. Disfrutatu, noski, azken hamabost urteetan egin dut.
Editoreak lau edo bost liburu egiten ibili behar du beti. Etengabe ari zara liburu berriak egiten eta denak batera nola eraman... karruaje batean lau zaldi dituzu aurrean, lau zaldi horiek eramatea da editorearen lana.
Liburuaren zein momentutan sartzen da editorea?
Badira liburuak oraindik ahoz bakarrik ezagutzen ditudanak. Baina bestetan idazten dira liburu bukatuak, eta bestetan ezagutzen ez ditudan idazleenak. Era guztietakoak iristen dira, baita erdiraino idatzitako nobelak ere.
Zu ez zara zuzentzaile hutsa, aholkulari literarioa ere izan zara.
Bai, noski. Hori nire kasuan. Baina normalean editoreak ez ditu nik egin izan ditudan lan guztiak egiten, esan dezagun maila artistikokoa, edo aholkularitza literariokoa, eta produkziokoa edo finantziaziokoa. Bat da artistikoa eta bestea enpresariala. Editoreak era askotakoak dira. Nik dena batera egin behar izan dut.
Zertara zetorren hau?…. A! Bai! Aholkulari literarioa naizela. Susako bazkideak bezalaxe, Susako idazleekin literaturaz hitz egiten da aurrena, eta gero produkzioaz, egile eskubideez edo beste edozer gauzari buruz. Susan normala da editorea eta idazlea literaturaz hizketan aritzea. Nik beti idazleekin ezer egin aurretik, beti egin izan duguna izan da hitz egitea.
Ezezkorik ere emango zenuen...
Idazleei? Gehienei! Susara iristen diren lan originalen gehiengoa ez da publikatzen.
Ez da erraza izango ezezkoak ematea.
Gogorra da, bai. Zeren idazle horrentzat ilusio handiko asmo bat da eta ezezko bat jasotzea zapuzgarria da.
Egoak ere kudeatu behar izango zenituen baiezkoa emandako idazleen artean.
Lagun batek esaten zidan duela urte batzuk «Gorka, noizbait gertatuko zaigu denoi literaturan… Idazleak lehen esaten zuen ‘zer egin dezaket nik editorialaren alde?’, baina momentu batean, hazi ahala, idazleak hasiko dira esaten ‘eta orain zer egingo du editorialak nire alde?’». Pixkanaka idazle batzuei… bai… beren interes partikularrak gailentzen hasten zaizkie eta orduan, ‘nola lagunduko didazu zuk?’ galdera areagotu egiten da. Lehen ez zen horrela.
Eremu profesionalaz harago doan harremana duzu zuk idazle askorekin.
Bai, badakizu zergatik? Ni gazte izan nintzenez editore, eta haiek ni baino helduago, nolabait erakutsi egin didate haiek konturatu gabe zer egin dezakegun liburu bat hobetzeko. Azkenean, editorea zer da? Idazlearen lagun bat beretik ahalik eta onena ematen lagunduko diona. Baina hasiera batean idazleentzat zer nintzen ni? Beraien lagun bat, haiei laguntzeko niri lagundu behar zidatena. Horregatik, ‘zer egin dezaket nik editorialaren alde?’ galdera horri erantzuna zen ‘editorearekin lan on batzuk egin bera ere hobea izan dadin pixkanaka’.
Eta halako batean, esperientzia askoren ondoren, benetan editore izaten ikasi nuen idazleei esker, eta haiei laguntzen hasi nintzen. Eta horrek sortu dizkit problemak… ‘Orain zer egingo du editoreak nire alde?’.
Orain editore izateari utzi diozula, jarraitzen dizute deitzen?
Oso lagun ditudanek eta nirekin konplizitate maila handia dutenek jarraitzen didate deitzen. Ez gara idazlea eta editorea, lagunak gara. Idazle batzuek besteei lanak bidaltzen dizkieten bezala aholku eske, niri berdin.
Orain niretzat inportanteena izango da Susako editore berria konstruitzen ere lagundu beharko dutela.
Emakumezkoa izango da.
Leire Lopez Ziluaga. 35 urte inguru ditu. Esperientzia editorial txikiak izanak ditu, baina bere egiteko moduak probatu arte bere editore izaera konstruitzen jardun beharko du eta horretan idazleek lagundu beharko diote.
Zuk orain hogeita hamar urte egin bezalaxe...
Desberdina izango da, ziur asko. Ez bakarrik bere izaeragatik, baizik orain inguratzen ahal zaizkion idazle batzuk jada literaturan asko ibilitakoak gerta dakizkiokeelako. Editore berriak bentaja hori izango du, idazle batzuk oso trebatuak izango direla, liburu asko idatzi izanaren esperientzia pilatuarekin.
Baina nik pentsatu moduan, norbaitek ere galdetuko zion bere buruari, ‘zergatik utzi ote du, orduan?’.
Egin galdera… ‘zergatik utzi duzu?’.
Zergatik utzi duzu? –Grabagailua itzaltzea nahi duzu?–
Ez, ez, esan beharko da, ezta? Non da bestela elkarrizketa honen funtsa?
Jarraitu, bada.
Utzi dut etapa luze bat bete dudalako, urte askokoa, eta iruditzen zaidalako egin nezakeenetik onena egin dudala. Hemendik aurrera errepika nezake eta gauza onak berdindu, baina uste dut aukera bat eduki beharko lukeela Susak, editoriala den aldetik, hurrengo 10-15 urteak ez bakarrik modu berri batean proiektatzeko, baizik bestelako indar dinamiko batzuekin saiatzeko. Alegia, etorkizun berri bat konstruitzeko. Editorial bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena delako errepikatzeaz estankatzea. Eta gerta dakiokeen gauzarik onena da estilo berri bat abiatzea. Ilusionantea da dinamika berri batean abiatzea. Nire helburua hori da, palanka egitea ni bidetik apartatuta.
Arriskatzea ere bada hori..
Hori da! Eta arriskuak hartuta funtzionatzen ez badu, errepikatu egin daitezke egin izan diren moduak. Ez dira gaizki irten azken 15 urtean. Baina orain inportanteena da indar dinamiko berri batzuentzat aukerak posibilitatzea.
Horrek esan nahi du Susak norabidea aldatuko duela?
Ez derrigorrez. Baina egiteko moduan gauzak aldatu egingo dira, pertsonak aldatzen direnean gauzak aldatu egiten direlako. Kulturak, oro har, aldian behingo halako gauza batzuk egitea oso ondo etortzen da. Momentu kritiko batzuk generatzea. Nik Susa uztea lana ondo egiten ari naizenean harrigarria irudituko zaio baten bati, baina halakoak kulturan oso inportanteak dira, aldian behin dinamika berriak behartzeko. Arriskuak behar ditu kulturak, gauzak ondo egin izanaren epeletan ez moteltzeko.
Eta nekeak ez du zerikusirik?
Bai, noski. Bizitzako inpultsoak aldatu egiten dira. Nik 23 urte nituenean piper handia neukan eta orain beste era batera bizi naiz. Lehen ez nuen beldurrik, ezta gauzak gaizki egiteko ere.
Lehen zeneukan piperra agortu zaizu?
Ikasi dudanarekin ez daukat arriskuak hartzeko premiarik. Baina arriskuak hartzea beharrezkoa da. Denborak ematen dizkizu tresnak gauzak egiteko baina…
… berdinak.
Hori da. Berdinak. Eta berriak behar dira. Eta nik orain ez daukat arriskuak hartzeko behar den beldurrik ez izate hori. Hori da heldutasunak kentzen dizuna.
Esan duzu idazleengandik asko ikasi izan duzula. Zuk ere zerbait erakutsiko zenien haiei, adibidez, liburuak saltzen.
Hori da nik ondo egitea lortu ez dudana eta azkenengo bost urteetan ahalegin berezi bat egin dut horretan pentsatzen. Ordura arte lan egin izan nuen ahalik eta libururik onena egiten, eta hori aski balitz bezala, ona denez, liburu on bat garaiezina dela sinetsita. Ona ona da eta mundu guztia konturatuko da. Baina ez da egia. Liburu baten denbora pasatu egiten da. Denborak, hosto bat bezala, orbeldu egiten du. Eta orduan zer? Susan liburu askorekin gertatu zaidan sentipena dut. Liburu oso on batzuk publikatu eta pixka bat oharkabean pasa ez ote diren. Baina azken bost urteetan neure buruari jarri izan diodan erronka izan da liburu bakoitzak bere propaganda berezia izatea.
Horretarako denbora hartu ez izanak eta horrekin esperimentatu ez izanak amorru pixka bat ematen dit. Autokritika horretan egiten dut. Ez dut nahikoa ondo lan egin horretan eta horrek amorrua ematen dit.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
