Dani Arnoldek WI7-ko bide batbakarka integralean igo du
Iragan abenduaren 24an izan zen, eta alpinista suitzarrak Kanderstegen dagoen «Beta Block Super» marra igotzeko ordubete eta hiruminutu soilik behar izan zituen. Bidearen giltza 35 metro luze den zutabe bat da, eta Arnoldek baldintza onetan aurkitu zuen.
Dani Arnoldek datorren otsailean 34 urte egingo ditu. Gaztea bada ere, alpinismoaren hainbat diziplinatan goi mailako kirolaria dugu. Alpinismo teknikoa ondo menderatzen du: izotza, hormatzarrak, dry-toolinga… Baina batzuentzat suitzarrak benetako sona bakarkako jardueretan hartu du. Gustuko du estilo hori, hots, soka erabili gabe eta ahal den azkarren igotzen ditu paretak eta mendiak. Alabaina, mediatikoki ezaguna bada ere, ez du Ueli Steck, Alex Huber, Kilian Jornet, Hansjorg Auer eta enparauen oihartzun zabalik.
Batzuek uste dute abiadurako alpinismoa hedabideetan garrantzirik ez duen haurren jolas bat besterik ez dela. Beste batzuek, berriz, mendiak ziztu bizian igotzea etorkizuna dela diote; hau da, alpinismoaren hurrengo urratsa izango dela. Batzuek izaera horretako jarduerak txalotzen dituzte; beste batzuek, aldiz, kritikatu baino salatu egiten dituzte.
Arnold “saltsa” horretako protagonista nagusi bat dugu. Europan, bederen, suitzarra "Steck doktrina" bezala ezaguna den kontzeptuaren jarraitzaile sutsuenetarikoa da. Bai, iaz zendu zen Ueli Stecken filosofia indarrean jartzen du, eta bere azken jarduerak orain arte esan duguna baieztatzen du. Iragan abenduaren 24an, izotzean zein mistoan eskalatzeko Kandersteg (Suitza) izeneko eremu entzutetsuan "Beta Block Super" izotz-jauzia eskalatu zuen. Breiwangfluh sektorean da, 300 metro luze da eta WI7 zailtasuna du. Denbora: ordubete eta hiru minutu. Berez, horrela irakurrita esan genezake bide gogor baten aurrean gaudela. Eta hala da. Baina kontua da Arnoldek bakarka integralean, hots, bakarrik eta sokarik gabe igo duela.
GARAk aukera izan du suitzarrarekin jarduera horren inguruan hitz bi egiteko. Eta lehenik eta behin onartu digu izaera horretako eskaladak egiteko lehenik eta behin oinarri sendo bat behar dela izan: «2014. urtean, adibidez, eskalatu dudan marra horren ondoan dagoen ‘Crack baby’ (WI6, 300 m) estilo berdinean sinatu nuen. Arrokan ere, bakarka integralean hainbat jarduera egin ditut. Iaz, adibidez, Dolomitetako Trieste Dorrean zaila, basatia eta arriskutsua den ‘Carlesso’ bidea (7a+) ordubete eta zortzi minutuan sokarik gabe eskalatu nuen. Eta handik Piz Badilera joan eta ‘Cassin’ marra (6a) historikoa igotzeko 52 minutu behar izan nituen. 800 metro luze da, baina ez da zaila. Arazo handienak bide bera eskalatzen ari zirenak aurreratzea izan zen. Horretaz guztiaz gain, Eiger (2:28, 2011) eta Cervinoko (1:46, 2015) ipar aurpegietan egin ditudan abiadurako errekorrek ere sona handia hartu dute. Beraz, esaten dudan bezala, aldez aurretik egin ditudan jarduera horiek guztiek asko lagundu naute ‘Beta Block Super’-i ekiteko».
Alpinista suitzarrak esan digu bakarka integralean eta abiadurako igoeretan egiten dituen jardueren ondoren, alpinistek zein eskalatzaileek maiz entzuten duten galdera bera egiten zaiola: «Zergatik egin ote dudan? Hain zuzen ere, Alpeetako biderik zailenetarikoa zein arriskutsuenetarikoa sokarik gabe? Hori guztia erantzutea zaila da, eta, jarduera hori egin eta egun batzuetara oraindik ezin dut ezer argirik esan. Dakidan bakarra zera da: izotz-jauzi hori nire xede handien artean zegoen. Hura eskalatzea nahi nuen; finean, amets bat zen. Jakina, ez dut arriskua gutxiagotu nahi, besteak beste, bizitza maite dudalako. Baina, era berean, neure ametsak eta xedeak maite ditut. Horregatik guztiagatik ‘Beta Block Super’ bidea bakarka integralean igotzea niretzat oso garrantzitsua zen, eta horregatik harro nago. Eta kitto».
«Aske sentitzen naiz»
Bestalde, lerrootako protagonistak onartu du "Beta Block Super" bezalako eskalada bat egiteko une zehatza eta aproposa bilatu behar dela: «Arestian aipatu dudan bezala, izaera horietako helburuak nire zerrendan daude. Baina hau, adibidez, oso zaila da momentua aukeratzea. Zergatik diodan hori? Bada, izotz-jauzi horrek baldintza onetan behar duelako egon. Urtero ez da osatzen, baina negu honetan bai. Eta, gainera, iragan abenduaren 24an oso baldintza perfektuetan zegoen; den-dena biribil atera zen. Eta hori guztia diot, galdera hauek erantzuten dudan une honetan marra hori igotzeko baldintzarik ez dagoelako. Izotzezko zutoinak artesi handi bat du!».
"Beta Block Super" igotzeko egun hori aukeratu zuen, eta harekin soilik Valentin Luthiger argazkilaria joan zen. Nahiz eta sokarik gabe igo zuen, jarduera horretarako Arnoldek bizkar-zaku txiki bat eraman zuen. Barruan honako tresneria zuen: arnes eta soka bana eta izotzerako erabiltzen diren torlojuak. Jakina, hori guztia ez zuen eskaladarako erabili, baizik eta izotz-jauzia rappelatzeko.
Eskalatzen ari zen bitartean atzera egiteko aukera aztertu zuen, baina suitzarrak jakin bazekien une zehatz batean soilik goitik irteteko aukera izango zuela: «Erabateko kontzentrazioarekin eskalatu nuen. Sokarik gabe eskalatzen ari nintzenez, banekien ezin nuela akatsik egin. Batzuetan gertatu zait huts batengatik piolet bat erori zaidala. ‘Beta Block Super’ eskalatzen hori gertatu izan balitz, oso amaiera tragikoa izango zuen. Bidearen giltzan 35 metroko izotzezko zutabe bat dago. Une horretan atzera egitea ia ezinezkoa zen; oso arriskutsua izango zen. Baina ondo sentitzen nintzen, eta igoerarekin aurrera jarraitzea erabaki nuen».
Nahiz eta izotz-jauzi zail hori soilik ordubete eta hiru minutuan eskalatu zuen, Arnoldek argi eta garbi utzi du denborari ez diola batere garrantzirik ematen. Eta, jakina, hori ulertzekoa da: «Bakarka eta sokarik gabe igotzeak denbora hori egiten asko laguntzen du. Baina berdin dit ze denbora egin dudan. Garrantzitsuena zen izotz-jauziak zituen baldintza on horiek ondo kudeatu behar nituela. Eta, jakina, akatsik ez egiteko erabat kontzentratua egon. Onartu behar dut ‘Beta Block Super’ marra eskalatzea ez zela niretzat oso zaila izan. Ez nuen hori sentitu».
Lerro hauen hasieran aipatu dugu alpinista honen curriculuma oso oparo eta aberatsa dela. Goi mailako bere jarduerak ikusita, galdetu diogu azken horrek ze garrantzia duen: «‘Beta Block Super’ estilo horretan igotzea oso garrantzitsua izan da. Ez da soilik bakarka integralean egin dudan beste eskalada bat. Honi dagokionez, oso arriskutsua eta tentea izan da. Batzuek, agian, Cervino eta Eiger-eko ipar aurpegietan egin ditudan abiadurako errekor horiei garrantzi gehiago emango diete; horiek azpimarratuko dituzte. Baina ni ez nago ados. Besteak beste, ezin direlako alderatu. Nire ustetan, ‘Beta Block Super’ Eiger eta Cervinoko eskaladak baino askoz ere zailagoa da. Horretan ez dut zalantzarik. Gertatzen dena da bi mendi horietan egin ditudan igoerak luzeagoak direla. Eta, jakina, mendi garaiagoak dira».
Amaitzeko, gogorarazi diogu bakarka integraleko goi mailako jardueretan espezialista handia dela, eta estilo horren alde alpinista gutxik egiten duela: «Hala da. Nire kasuan esan dezaket batzuetan bakarka eskalatzea gustuko dudala. Erabat aske sentitzen naiz. Baina era berean argi dut estilo hori oso-oso arriskutsua dela. Jakina, horretaz ere ohartzen naiz. Horregatik guztiagatik eskalada horiek ez ditut maiz egiten. Beraz, helburu hau niretzako oso garrantzitsua izan da. Izotz eskalada maite dut. Eta berriro diot ez naizela abiadurako errekor baten bila joan, baizik eta jarduera libre baten bila. Nire helburu nagusietariko bat egia bihurtu da. Agerikoa denez, mundua ez da aldatu, soilik emaitza bat izan da. Eta mendietan egiten ditudan eskaladetan bizitzen dudana eta jasotzen dudan poztasuna ez da aldatu. Eta hori ona da; izan ere, niretzat garrantzitsuena osasuntsu eta zoriontsu egotea da».

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
