Haritz LARRAÑAGA
HENDAIA

Tira Bira itzuliak Alarma Soziala ezagutzera emango du Ipar Euskal Herri osoan

«Macron legea» indargabetzeko Alarma Soziala sortu zuen LABek. Orain, «edonork erabil dezakeen tresna» ezagutarazteko Ipar Euskal Herria hamar egunetan zeharkatuko duen Tira Bira itzulia abiatu da.

Atzo abiatu zen Hendaiatik hamar egunez Ipar Euskal Herriko gune esanguratsuenetan Alarma Sozialaren berri emango duen Tira Bira Tourra. Hala, irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela dioen esamoldeari jarraituz, elkartasun keinu batekin abiatu zuten martxa.

Eñaut Aramendi LABeko kideak Sokoa enpresaren atarian egin zituen adierazpenetan azaldu zuenez, «ez da kasualitatea ekimena abiatzeko Hendaia hautatu izana, hemen izan baitu ‘Macron legeak’ Euskal Herriko lehen biktima». Hain zuzen ere, abenduaren 27an kaleratua izan zen Sebastian Hiriart lankideari elkartasuna adierazteko elkarretaratze bat egin ostean eskaini zuten prentsaurrekoa.

Langileekin harreman zuzena

Alarma Soziala ezagutzera emango duen martxa atzo hasi zen, beraz, eta Baionan amaituko da otsailaren 9an mobilizazio eta ekimenaren bilanaren aurkezpen publiko batekin. Artean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hamar eskualde zeharkatuko ditu karabanak.

Etapa bakoitzak bi atal bereizi izango ditu. Goizero lantegietara joan eta esku orriak banatuz langileak informatzeko harreman zuzena jorratuko dute. Eguerdian ostera, leku estrategikoetan informazio gunea ezarri eta arratsaldeko ordu biak arte merkatari, erosle zein mota guztietako jendeari egitasmoaren berri ematen arituko dira.

Hendaia, Senpere eta Urruñan izan ziren atzo goizean, eta eguerdiko informazio gunea Donibane Lohizuneko Jalday industria eta merkataritza gunean ezarri zuten. Gaur ostera, Errobiko lantegietan izango dira eta Kanboko erdialdean ezarriko dute informazio gunea. Bihar Garazi eta Baigorriko inguruetan izango dira, eta handik Maulera abiatuko dira.

Otsailaren 2an ohiko egitarauaz gain, bilkura publiko bat egingo dute Izuran. Hurrengo egunetan, Aiziritze, Akamarre, Hazparne eta Mugerren izango dira, eta otsailaren 9an Biarritz, Angelu eta Baionako eremuetan aritu ostean bukaera emango diote itzuliari.

«Macron legerik» gabe

«Hamar urte daramatzagu erreformaz erreforma eta langileok gara beti galtzen ateratzen garenak; beraz, ezin dezakegu hurrengo erreformarekin gauzak hobetuko diren esperantzaz zain egon», ohartarazi zuen Aramendik. Horregatik, 2012. urtean «bertako negoziazio eremu bat aldarrikatzen hasi ginen, bertan erabakiz eta bertan borrokatuz, langileen baldintzak hobetzea lor dezakegulako», argitu zuen sindikatu abertzaleko bozeramaileak.

Euskal Herria, «‘Macronen legerik’ gabeko eremu izatea da helburua, eta Alarma Soziala horretarako tresna bat da» nabarmendu zuen Aramendik. Hots, «edonork eman dezake alarma eta edonork parte har dezake harresi sozialean».