«Badakit talde gaztea duela Realak, eta nire esperientzia lagungarria izan daiteke»
Donostiara etortzeko aukera ustekabean heldu zitzaiola onartu arren, HectorMoreno jokatzen hasteko gogoz azaldu zen bere aurkezpen ekitaldian.

Hector Moreno pozik eta eskertuta agertu zen bere aurkezpen ekitaldian, Realak bera fitxatzeko erakutsi duen grinagatik. «Ez neukan buruan Erromatik irtetea, baina Realeko presidentearekin hitz egin ondoren iritzia aldatu nuen. Horixe izan da etortzeko arrazoi nagusia, Realak erakutsi duen interesa eta nigan erakutsi duten konfiantza», azaldu zuen 30 urteko atzelari mexikarrak Anoetan emandako prentsaurrekoan.
Talde txuri-urdinaz dituen erreferentziez galdetuta, Morenok Donostiara etortzeko aukera ikusi bezain pronto Carlos Velari deitu ziola onartu zuen: «Selekzioan askotan entzuten nion klubaz eta hiriaz oso ongi hitz egiten, baina benetan ari zen edo gezurretan jakin nahi nuen», bota zuen txantxetan mexikarrak. «Esandako denak berretsi zizkidan eta horrek erabakia hartzen lagundu zidan».
Espanyol, PSV eta Erromako jokalari ohiak taldeari laguntzeko «lana eta esfortzua» ipiniko dituela esan zuen, eta bere esperientzia ere lagungarria izan daitekeela. «Lorenekin hitz egiten aritu naiz eta esan dit taldea nahiko gaztea dela. Nik esperientzia dezente daukat, liga desberdinetan jokatu dut, selekzioan... eta uste dut alde horretatik lagungarria izan naitekeela jokalari gazteentzat».
Italian gutxi jokatzen ari zela ere onartu zuen, eta bere helburuetako bat Mundu Txapelketara sasoian heltzea ere badela. «Argi dago hori helburua dela niretzat. Mundialera ahalik eta ondoen iritsi nahi dut eta horretarako onena asko jokatzea da. Hala ere, inork ez dit ziurtatu Realean titularra izango naizenik. Hori nik irabazi beharko dut zelaian eta borrokatzeko prest nator», erantzun zion kazetari mexikar baten galderari.
Iñigo Martinezen hutsunea bete beharrak presio gehigarria suposatzen ote duen itaunduta, Hector Morenok ezetz erantzun zuen. «Badakit Iñigok zer suposatzen zuen Realarentzat, nik Espanyolen jokatzen nuenean ikusten zen etorkizun handiko jokalaria zela, baina ni nirea ematera nator», aldarrikatu zuen, nahiz eta antzekotasunak badaudela gaineratu –«ezkerrak gara, baloia jokatuta ateratzea gustatzen zaigu, estrategia jokaldietan erasokorrak gara»–.
Asteartean dei ugari
Prentsaurrekoan, Jokin Aperribay presidenteak fitxaketa oso azkar egin zela nabarmendu eta negoziaketaren xehetasunak eman zituen, hasieran Hector Moreno eta Europatik kanpo jokatzen duen beste atzelari baten artean zeudela aipatuz, eta telefono dei garrantzitsuenak, beti aurrez Erromari jakinarazita, astearte goizean egin zituela gaineratuz. Bestetik, Oyarzabal fitxatzeko eskaintzarik ez duela jaso baieztatu zuen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
