J.L.

Sokatirako Euskal Herrikoan Bilbon izango da saioa

Sokatiran, Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketak aurrera jarraitzen du, eta gaur Bilbon izango da saioa, 17.00etan hasita. Mutiletan, 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da, eta nesketan, berriz, 500 kiloko lehen saioa izango da.

Mutilen 600eko lehen jardunaldian Ibarra izan zen onena, eta bere atzetik, Beti Gazte, Gaztedi, Murueta, Sokarri, Txantrea, Berriozar, Ñapurrak-Lagunak, Gabadi-Jutsi, Antsoain eta Abadiño sailkatu ziren.

Bigarren jardunaldi honetan bi multzotan banatuta neurtuko dira, eta hori amaituta, bi multzoetako taldeak elkarren aurka arituko dira, postuak finkatu ahal izateko.

Neskak 500eko mailan arituko dira, eta taldeen kopurua asko handituko da. 540koan lau talde bakarrik aritu ziren, eta oraingo mailan, berriz, zazpi izango dira jardungo direnak. Berriozar, Beti Gazte, Gaztedi, Antsoain, Badaiotz, Ibarra eta Txantrea izango dira lehiatuko diren taldeak. 540koan Badaiotz jaun eta jabe izan zen jokatu zituen tiraldi guztiak irabazita, eta ikusiko da maila honetan ere horretarako gai den edo ez. 

Antsoain, Berriozar, eta Txantrea ez ziren aritu 540ko mailan, baina hemen jardungo dira, eta ikusiko da nolako maila ematen duten.