GARA
BILBO

«Oztopo lasterketa zoroa» eten eta ebaluazio hezitzailea bultzatzeko deia

Lakuako zein Nafarroako gobernuek «kanpo ebaluazio sistema aplikatu eta inposatzea erabaki» dutela gaitzetsi eta horrek ikasleentzat, eskolarentzat eta herriarentzat dituen ondorio kaltegarriak azaldu ditu Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Planto egitera deitu du.

Hezkuntza Plataformen Topaguneak eskoletan bizi duten «egoera larria» jendarteratzeko beharra ikusi du berriro. Atzo Bilbon egindako agerraldian Lakuak zein Nafarroako Gobernuak Lomce edo Heziberri bete-betean aplikatzen jarraitzen dutela kritikatu zuen. Bi hezkuntza sailek «ebaluazio sistema propio eta hezitzailearen norabidean pausoak emateari uko» egin eta «kanpo interesei erantzuten dien ebaluazio-kalifikazio sistema aplikatzea» erabaki dutela adierazi zuen.

Jakin berri dute «aurten ere azterketa eta errebaliden karrera zoro batean sartzera kondenatu nahi dituztela gure lurraldeetako hainbat ikastetxe». Honakoa da «oztopo lasterketa», martxoaren 5ean hasi eta ekainean bukatuko dena. Sei azterketa lau hilabetetan: ISEI-IVEIren ebaluazio diagnostikoa LH4n eta DBH2n; Lomce-Heziberri LH6n eta DBH4n; Pisa 15 urteko ikasleentzat; eta Selektibitatea Batxilergoa amaitzean.

Topaguneko kideek esplikatu zutenez, ISEI-IVEIrenak alde batera utzita, gainerako guztiak ikastetxetik kanpo erabaki dituzte, «gure sistematik at. Ikastetxearen ibilbide eta planei kanpotik ezartzen zaizkien azterketak dira, ikastetxeen eta ikasleen ezaugarri zein errealitateak kontuan hartu gabe inposatzen direnak, Madrilen erabakitakoak». «Egoera itogarri hau jasangaitza» egiten zaiela erantsi zuten.

Iaz Topagunean «ebaluazio hezitzaileaz» hausnartu zutela oroitu eta irekitako bide hura hartuz ebaluazio sistema propioa garatzea proposatu zuten. «Kalifikazio eta etiketatzeak» baztertzearen aldeko mezua ere zabaldu zuten. Irizpide horiek oinarri hartuta, aurten ere planto egiteko deia luzatu zuten. «Madrilen erabaki dituzten, inposatuak zaizkigun eta inongo eragin akademikorik ez duten azterketei planto».