GARA
GERNIKA

Steilasek maiatzean egingo du Gernikan XI. Kongresua

Lau urtez behin egiten du Steilasek sindikatuaren kongresua eta hurrengoa maiatzaren 18 eta 19an egingo duela iragarri du, Gernikako Elai Alai aretoan. Ekitaldi nagusia larunbatean izango da, 19an. Orain arte sindikatuko kideen hausnarketak komunean jarri dituzte eta Gernikan «hurrengo lau urteetarako lan ildoak» definituko dituzte.

Gernikako kongresuan sindikatuko organoak, Kontseilu Nazionala, Idazkaritza Nazionala eta Nazio Batzorde Iraunkorra berrituko dituzte. Era berean, hainbat kideren erreleboa gauzatuko da.

Sindikatuko 5.000 afiliatuen izenean 150 ordezkarik parte hartuko dute biltzarrean eta eztabaidagai izango duten ponentzia bakarrak bi gai izango ditu: arlo soziopolitikoa eta hezkuntza. Aurretik sindikatuko organo eta lantaldeek ekarpenak eta zuzenketak aurkezteko aukera izango dute.

Eztabaidatuko duten ponentziaren oinarria politika neoliberalen eta ideologia heteropatriarkalaren kritika da, «baina arlo ezberdinetako –hezkuntza, ekonomia edo harremanak kasu– eta beste ereduetarako proposamenak ere aurkeztuko ditugu».

40. urteurrena

Sindikatuaren 40. urtemuga ospatzen dutenez, kongresuaren lema “40 urte publikoaren alde” izango da. Urteurrena aprobetxatuz, «eta gure afiliazioaren parte hartzea areagotzeko», kongresuaren aurretik lau saio antolatu dituzte, Hegoaldeko hiriburu bakoitzean bana.

Lehena martxoaren 1ean izango da, Gasteizen, feminismoa mintzagai. Martxoaren 14an, Bilbon, eskola inklusiboari buruz arituko dira. Apirilaren 19an Iruñean bilduko dira eta, azkenik, maiatzaren 3an, Donostian.