Bilbaok eutsi egiten die Baionako Modernen izateko aukerei
Bixintxo Bilbaok oraindik Buruz Buruko finala jokatzeko itxaropenei eutsi egiten die, atzo Ximun Lanberti 40 eta 17 irabazi ostean, 32 minutu iraun zuen norgehiagokan.
Lanbert 0-1 aurretik jarri zen, baina hortik aurrera ez zuen izan inongo aukerarik. Bilbao erabat nagusitu zen, eta, Lanbertek, aurreko partidan bezalaxe, nahikoa izan zuen erauntsiari erantzutearekin. Azkenean 17. tantoan geratu zen. Bilbaok sakearekin asmatu egin zuen, tanto erdiak egin baitzituen, guztira hemeretzi. Jokoan beste hogei egin zituen, eta bakarra galdu. Lanbertek zazpi kintze egin zituen sakearekin, eta, jokoan, bederatzi; bakarra galdu zuen.
Bigarren Mailakoan ere emaitza bera izan zen. Iturbek 40 eta 17 menperatu zuen Palomes. Iturbe da lehen kanporaketatik jokatzen ari den bakarra. Urte berriarekin batera pasatu da profesionaletara, eta finala jokatzeko txartela ia eskuetan dauka. Bide horretatik jarraituz gero datorren urtean onenekin jokatzeko aukera izango du.
Gaurkoa
Finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia Donibane Garazin jokatuko da gaur. Bertan, Lehen Mailakoan, aurreneko jardunaldiko bi pilotariak lehiatuko dira, hantxe izango baitira aurrez aurre Ospital eta Larralde.
Elkarren arteko azkeneko neurketak Ospitalek irabazi ditu, eta Larralde gogoz dago bolada txar horrekin amaitzeko. Partida irabazten duenak, finala jokatzeko aukera asko izango ditu. Biak dira txapela irabazteko faborito nagusiak.
Bigarren Mailakoa izango da 16.00etan jaialdia irekiko duen partida. Intxauspe eta Laurent Lanbert neurtuko dira.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
