Ontzia hondoratzen
Duela 28 urte izan zen, sasoian babesle nuen Quiksilver markako taldearekin Lanzarotera joan nintzenean. Han ezagutu nuen, talde arduraduna zen, baina ez nion sinpatia handiegirik hartu, ume moko batzuk baino ez ginen etorkizuneko surflariok estutzen gozatzen baitzuen, eta, batez ere, beste kideen konplizitatearekin, taldean zen Tahitiko neska bakarra erabat baztertua zuelako. Hitz batez deskribatu beharko banu, hitz hori “frantsesa” izango litzateke.
Pasa den asteartean desagertu zen Hossegor inguruko uretan. Hamaika metroko luzera zuen bere ontzia La Gravier urautsi famatuko olatuek lehorreratu zuten, baina bera falta zen eta jendarmeriak bilaketa lanei ekin zien. Haize leuna eta itsaski garbia izan arren, ez zuten deus aurkitu, Pierre Agnes ez zen inondik ageri.
Bi hamarkada baino gehiago enpresa estatubatuarrean lanean aritu ostean, berriki surf munduan indar gehien duen markako zuzendari izendatu zuten Agnes. Bere izendapena, gainera, Quiksilverrek zenbait surf marka bere egin zituen unean etorri zen. Gauzak horrela, egun, Roxy, DC Shoes, Billabong, RVCA, Element, VonZipper edo Xcel markako zerbait erosten duenak, egiaz, Quiksilver erosten du.
Munduko marka garrantzitsuenetako baten buruzagiak bere bulego nagusiak Donibane Lohizunen dituela jakinda, ekonomia ikuspegi batetik elkarrizketa interesgarri bat eskain zezakeela otu zitzaidan. Surfari lotutako merkatuak eman duen bilakaera, produktuen zabalkundea, eta batez ere, Europako surfaren merkatuan orain arte Euskal Herriak izan duen zentralitatearen inguruan galdetu nahi nion. Gestio batzuek egin nituen harekin kontaktuan jartzeko eta ateak oraindik irekita jarraitzen zuen, baina, pasa den asteko ezbeharraren ostean, behin betiko ezabatu behar izan dut elkarrizketa nire “eginbeharren” zerrendatik. Kasualitatea ere bada, halako postu garrantzitsua lortu eta bi asteren buruan desagertu izana.
Orain bi galdera bururatzen zaizkit. Bata, lehendakari berria europar bat izango ote den, eta hala bada, nongoa. Bestea, hautapen berriak Quiksilver markak Estatu frantsesean eta Ipar Euskal Herrian dituen egiturei nola eragingo dien. Hau da, Donibane Lohizuneko eraikinak surfaren industrian Europan den gune garrantzitsuena izaten jarraituko du edo nagusi berriak bestelako apustuen alde egingo du? Hala balitz, ez nintzateke batere harrituko hautagaitza berriak “Europako surfaren hiriburu” berria Portugalen kokatuko balu.
Urteak dira pixkanaka terrenoa irabazten ari direla, eta, eremu honetan gainera, gainontzeko beste herrialdeek ez bezala, surfa, bodyboarda eta haien kostaldea sustatzeko eraginkorra izaten ari den plan estrategiko bat dute Portugalen. Gogoratu Punta Galea eta Mundakako munduko surf lehiaketen lekukoa nork hartu duen, begiratu munduko surflari onenek garai batean Biarritz inguruan etxe bat erosten zuten moduan, egungoek Europako zein herrialde hautatzen duten, eta atera kontuak, ea edozein proiektu aurrera atera ahal izateko herrialde «merkeenetakoa» zein den. Benjamin Franklin estatuburu estatubatuarrak esaten zuen moduan, «egin kasu gastu txikiei, zulo txiki bakar batek ontzia hondoratu baitezake».

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen
