Gautxoriek erdibideko geldialdiak egin ditzatela eskatu du Donostiako EH Bilduk

Donostian autobus bidaiariak garraiatzeko zerbitzu publikoaren arautegia onartu zenean, 2016ko apirilean, onartu zen hiriaren irisgarritasuna eta segurtasuna genero ikuspegitik hobetzeko helburuarekin erabiltzaileek geldialdia eskatu ahal izango zutela autobus lineetan ezarritakoetatik kanpo, zerbitzu bakoitzerako zehaztutako zati, baldintza eta ordutegietan. Aitzitik, araudiaren 12. artikuluaren 4.puntu hau ez da betetzen ari. Zergatiaz galdegin dio EH Bilduk Donostiako Udalari, eta interpelazioa erregistratu du asteleheneko batzordean eztabaidatzeko.
Naiara Sampedro eta Ayem Oskoz zinegotziek atzo prentsaurrekoan adierazi zutenez, DBus autobus konpainia publikoaren araudia onartzearekin batera, Puntu Kritikoen Prozesu parte hartzailean adostu zen, gaueko autobus erabilera sustatzeaz gain, gaueko zerbitzuetan geldiune eskaerak lantzea. Horrez gain, genero ikuspegia aintzat hartuta eginiko 2017ko aurrekontuen analisian gomendio hau egin zen: gaueko zerbitzuetan berehalako geldialdiak ezartzea ahalbidetzeko diru partida bat jartzea aurrekontuetan.
Kritikatu zutenez, iaz Udal Gobernuak segurtasun neurri gisa gaueko autobusen erabilera sustatzeko konpromisoa baino ez zuen hartu. «Kontuan izanik pertsona guztien eskura egongo den zerbitzu egoki, seguru eta eroso bat bizi kalitatearen mesederako dela, arautegi honek betekizun batzuk ezarri zituen garraio zerbitzua eskuragarri izan dadin edozein pertsonarentzat, garraio katearen une eta gune bakoitzean», adierazi zuen Sampedrok.
Datuak, kezkagarriak
Kezkatuta agertu ziren koalizioko ordezkariak, beren hitzetan hiriburuan indarkeria matxista gero eta arazo larriagoa delako. Mahai gainean jarri zituzten datuen arabera, sexu askatasunaren aurkako delituak %9,3 hazi ziren 2016. urtean, eta 2017ari dagokionez, Lakuako Gobernuak berriki zabaldu duenez, Gipuzkoan datu horiek %31,5 hazi ziren.
Edozein kasutan, aipatutako guztia beteta ere, EH Bilduk uste du ez dela nahikoa azken bi urteetan hiriaren segurtasuna genero ikuspegitik hobetzeko helburuarekin beharrezkoa den txosten teknikoa egin eta erabiltzaileek geldialdia eskatu ahal izatea.
Hala, hiriaren segurtasuna genero ikuspegitik hobetzeko helburuarekin DBusen beharrezkoa den txosten teknikoa zergatik ez den egin jakin nahi du koalizioak.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
