Soinu gogor eta astunagoarekin egonkortu da Liher
Liher-en bigarren estudioko lana da «Tenpluak erre», baina baita proiektua talde bezala egonkortu eta izaera trinkoagoa ematen diona ere. «Hauts» lehen diskoaren ostean, stoner borondatez eta soinu rockzaleagoarekin dator laukotea.

Lide Hernandoren bakarkako proiektu izatetik (hortik izena, bere izen-abizenen lehen silabak josita eraikia) talde proiektu bilakatu zen Liher 2015ean eta izaera hori egonkortuta aurkeztu berri dute “Tenpluak erre”, estudioko bigarren lana.
“Hauts” lehen diskoarekin biran urte eta erdi eman zuten eta denbora tarte horretan taldea gorpuzteaz batera proiektuari arnasa eman eta lanketa sakonagoan murgiltzera deliberatu zirela azaldu zuen Hernandok berak, disko berriaren aurkezpenean. «‘Hauts’ zatika grabatu genuen eta oraingoan lan borobilago bat nahi genuen; talde kohesionatu bezala grabatu dugun lehen diskoa da», azaldu zuen. «Aurreko diskoa bi hilabetean grabatu genuen, eta orain entzutean beste era batera egingo genukeen sentsazioa dugu», aitortu zuen bere aldetik Iker Vazquez taldeko bateria-jotzaileak. «Urte osoa eman genuen probak egiten, eta esan dezakegu eman dugun pauso bakoitza %100ean ziur gaudela eman dugula», nabarmendu zuen Hernandok. Hala, iazko urte osoa eskaini zioten bigarrena egituratzeari eta IN eta Tio Pepe estudioetan grabatu ostean, Karlos Osinaga Txapek Bonberenean nahasketak egin eta Jonan Ordorikaren (masterizazioa) eskuetatik pasata ikusi du argia. Zenbait kantutan kolaborazioak ere izan dituzte: Ainhoa Eguiguren eta Lidia Insausti koruetan, Sorkun “Oskolik gogorrena” abestian eta Joserra Senperenaren pianoa “Erostrato” abestian.
Disko berria osatzeko prozesuak fase berri batean sarrarazi du Liher eta hori antzeman zaie emaitzan: erritmo aldaketa eta distortsioak lagun, doinu rockzaleago eta astunagoak dakartzate, Hernandoren ahotsa zikinago eta oldarkorrago izatera gidatzen duena. «Afinazio grabeagoak ditu, nabaritzen da stoner musikatik edan dugula baina Lidek bere ukitua ematen dionez zaila da estilo aldetik finkatzea», iritzi zuen Joshka Natkek (baxua).
Diskoaren izendapenak, “Tenpluak erre”, egungo panorama kulturalari erreferentzia egiten diola ere azaldu zuen Natkek: «Badaude nolabait santifikatu edo tenplu bilakatu ditugun figura batzuk, baina guk sorkuntzan sinesten dugu, mimoz egindako lanetan. Hori da gure taldearen posizionamendua».
Hitzak Hernandok egin ditu eta, soinua bezala, tematika aldetik ere gogorrago dator: «Gai politek ez naute bultzatzen hitzak idaztera. Kultura produktu bilakatzea, errudun sentipena... Kritikotasunera jo dugu gehiago», amaitu zuen.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
