Alfa-k grebalariei mehatxu egiten diela salatu dute sindikatuek
Alfa enpresako langileek 74 egun daramatzate greban eta, salatu dutenez, tarte horretan mehatxuak ohikoak izan dira. 131 behargin kaleratuko dituzte bi epetan: lehendabizi ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak eta, gero, grebari uko egin diotenak.

Alfa Precision Casting-eko langileek 74 egun daramatzate greba
mugagabean eta, langileek salatu dutenez, epe honetan enpresak ez die errespetatu greba eskubidea eta «ohikoak izan dira langileon etorkizunari buruzko mehatxuak». Horretaz gain, grebalarien lanpostuak enpresako beste langile batzuekin ordezkatu dituztela salatu dute. «Eta hori gutxi ez bada, langile berriak kontratatu dituzte. Agerikoa da oinarrizko eskubide baten urraketa egon dela», adierazi dute ohar bidez.
Egoera honen aurrean, grebalariek salaketa aurkeztu zuten. Epaiketa hilaren 14an izango da, 12.30ean Eibarko Lan Arloko Epaitegian. Babesa adierazteko asmoz, langileek elkarretaratzea egingo dute 11.30ean epaitegiaren atarian.
Kaleratzeak, bi epetan
Bestalde, iragan otsailaren 2an jaso zuten zuzendaritzak aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientea (EEE). Bertan, 131 langileren kaleratzea proposatzen da, eta bi epetan egingo da. Bata, epaitegiak ebazpena ematen duenean izango da. Orduan, 51 langile kaleratuko dituzte eta gainerakoak uztailaren 31,n «beranduenez», adierazi zuten iturri berberek.
51 langile horietatik 48 grebalariak dira; gainerakoak enpresak birkokatuko egingo dituela iragarri du. «Greba sustatu duten ordezkari guztiak, ELA eta LAB sindikatuetakoak, lehen fase honetan sartzen dira, eta Alfa en Comun-eko beste delegatu guztiak, grebari uko egin diotenak, bigarren zerrendan aurkitzen dira», kritikatu dute.
Egoera ikusita, langileen ustez, «agerikoa da enpresak egin duen garbiketa eta diskriminazioa, greba sustatu duten delegatu guztiak eta greba egin duten langileen gehiengoa lehen fase honetan sartuz».
Enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu eta lehen bilera egin zenean, langileek hainbat proposamen jarri zituzten mahai gainean: lanpostuen mantentzea, kaleratze traumatikorik ez egotea eta kalte-ordainak hobetzea eta prozesu hau guztia gardena izatea.
Likidazio planaren zain daude orain Alfa Precision Castingeko langileak. Behin mahai gainean jarrita (atzo zen aurkeztekoa), inbertitzaileek hilabeteko epea dute eskaintzak aurkezteko.
«Gure eskaera argia da, aurkezten diren proiektuen inguruko informazio gardena nahi dugu», eskatu dute.
Borrokan jarraituko dutela argi dute eta, zentzu horretan erakundeekin biltzeko asmoa dute datozen egunetan. Era berean, hilaren 16an (19.00) Eibarren egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu dute.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
