Surflari ernegatua

Erpurua beherantz

WSL-ko erreportariak oso ongi deskribatu zuen, «larunbatean Nazare Challengue gehiago izan zen biziraupen joko basati bat, trebezia lehiaketa elegante bat baino». Txapelketa eten eta atzo jarraipena emateko surflariak itsasoratu zirenean, ordea, egoera bestelakoa zen, biziraupen joko basatiaren arrastorik ez zen, eta olatu txikietako trebezia lehiaketa baten antz handiago zuen Portugalgo txapelketa ospetsuak.

Harrokeria izan daiteke ikusle soil baten ikuspegitik horrela hitz egitea, baina ustezko eskubideen gizarte honek eskaintzen duen abantaila miserable horietako bat da, zezenak harmailetatik ikusten dituena eta zezenaren aurrean dagoena maila berean jartzearena alegia. Edonola ere, ez nieke olatu handietako surflariei inondik inora errespetua galdu nahi, bai baitakit egiten duten sakrifizioa zenbaterainokoa den, eta batez ere, olatu txikietako surflarien multzoan nagoen heinean, diodan edozerk zilegitasun gutxi izan baitezake, baina atzo Nazaren egin zutena olatu handietako txapelketa bat ez zela izan esatera ausartuko nintzateke.

Lehiakideetako bakoitzak olatu bat hartzen zuen bakoitzean, antzeko baldintzetan, Nazaretik oso urrun ez dagoen Penicheko kostaldean egiten duten munduko CT txapelketa etortzen zitzaidan gogora. Olatu ilunak, zailak, handiak, baina ohiko txapelketa batean ikus daitezkeenak. Agian, ez da horrela, gertutik ikusita iritziz aldatuko nuke, edo azkenaldian hainbeste olatu handi ikusten ohituta, jada olatuen tamainarekiko ikuspegia aldatu izana ere posible da, baina, inpresioa horixe zen, olatu handiak bai, baina ez olatu handien txapelketa bat egiteko modukoak.

Larunbat goizean Nazareko txapelketa hasi zenean txandak ikusten hasi nintzen, gosaltzen nuen bitartean. Hura bai ikuskizuna, lehiakideak bizia jokoan, eta ez da nire ohiko esajerazio horietako bat, benetan surflari bat erori edo olaturen batek azpian atzematen zuen bakoitzean tentsioa nabari zen, burua ur azalera non eta noiz aterako zen so zen mundu guztia, ikusleak, sorosleak eta baita telebista esataria ere.

Aho zabalik ari nintzen ikusten txapelketa. Hurrengo txandetan itsasoratu behar ziren lehiakideen bisaiak emititzen zituztenean, mirespena sentitzen nuen, «ez niake hire egoeran egon nahi» pentsatzen nuen nire barrunbeetara. Natxo Gonzalez ikusi nuen, likra jantzita, itsasoratzeko prest, eta «hik dituk potroak hik» pentsatu nuen. Badakit esamolde matxista dela, baina horixe bera etorri zitzaidan buru handi honetara.

Orduan iragarri zuten txapelketa etengo zutela, eta pena itzela hartu nuen, ikuskizunarekin gozatzen ari bainintzen. Hartutako erabakia arrazoitzeko antolatzaileek eskainitako argudioak zentzuzkoak dira, muga-mugan zebiltzan surflariak, baina hor ere, politikoki zuzena ez den sentimendua gailendu zitzaidan, alegia, arrazoi ororen gainetik, bizia jokoan jartzen ari ziren horien patua zuzenean ikustearena. Morboa. Azken finean, erromatarren oinordekoak gara, eta ikusleei galdetu izan baligute, lehiaketa egin edo ez? lehiakideak lehoietara bota edo ez? erpurua jaso edo jaitsi? Ziur aski, hatz gehienek lurra seinalatuko lukete.