Natxo Gonzalez hirugarren, olatu handien munduko txapelketan
Portugalen atzo amaitu zen Nazare Challengue txapelketa Lucas Chianca brasildarrak irabazi zuen. Olatu handien lehen mailako itzulia osatzen duen BWWT zirkuituko txapelketan parte hartu zuen Natxo Gonzalez plentziarrak ostera, hirugarren postua eskuratu zuen.

Aurtengo Big Wave World Tour itzulia osatzen zuten lau txapelketetatik hirugarrena egin zuten atzo eta Lucas Chianca Chumbo brasildarra gailendu zen. Bigarren postua, egun BWWT rankingean buru den Billy Cemper hawaiiarrarentzat izan zen. Eta hirugarren postua, berriz, olatu handietan sekulako talentua erakusten ari den Natxo Gonzalez plentziarrarentzat izan zen.
Bizkaitarrak aurtengo itzulian lehen mailako txapelketa bakar batean parte hartu ahal izan du eta sekulako emaitza eskuratu du. Finalean, olaturik handiena berea izan zen, baina ez zuen ihesbiderik izan eta horrek puntuazioan eragin zion. Edonola ere, itzelezko maila erakutsi zuen Gonzalezek, batez ere bizkarkako olatuetan.
Muturreko egoera larunbatean
Larunbat goizean hasi zen Nazareko txapelketa. Zerua argi zen, baina oraindik hotz egiten zuen. Ikusle andana bildu zen muinoan, haietako asko hotzaz babesteko mantekin estalita, batzuek kataloxak eskuan, besteek argazki kamerak, guztiak ikuskizunaz gozatzeko prest ziren.
Olatuak erraldoiak zirela nabarmena zen, baina lehen surflariak itsasoratu zirenean egoera zinez muturrekoa zela agerian geratu zen. Tarteka olatu handiren bat jaso eta lehiakideak azpian atzematen zituen eta erreskate taldeko kideek zailtasun handiak zituzten lehiakideak jasotzeko. Surflariek gorriak ikusi zituzten, guztiek erabili zuten gainazalera atera ahal izateko puzten den txaleko berezia; beraz, muturreko egoera zen.
Hirugarren txandako kideak itsasoratzeko prest zeuden unean (haien artean Natxo Gonzalez) eguzkia ateratzen hasi zen, baina haizea ere harrotu egin zen, eta, halako baldintzetan lehiakideen bizia bera ere arriskuan izan zitekeela ikusita, Mike Parsons txapelketaren arduradunak lehiaketa igandera arte etetea erabaki zuen.
Igandean hondartzan
Larunbateko itsaskiaren ostean atzokoak haurrentzako egun bat zirudien, baina txapelketa egin ahal izan zuten. Lehiakideak ez ziren Nazareko itsasargiaren ondoan altxatzen den urautsi famatuan aritu, olatuak ez baitziren behar bezain handiak; horren ordez, hondartza parean itsasoratu ziren surflariak.
Olatuak ilunak ziren, marroi kolorekoak, indartsuak, baina tamaina handiegia ez zenez olatu txikietako ariketak ere ikusi ahal izan ziren. Ondorioz, olatu handietako txapelketa bat izateko ezohikoa izan zela esan daiteke, halako txapelketetan, batez ere olatuaren jaitsiera izaten baita ikusgarriena eta ez olatua marrazteko modua.
Euripean egin zituzten txanda gehienak eta azkenean finala ere egin ahal izan zuten. Hotzagatik, halako baldintzetara batere ohituak ez badaude ere, finalera iritsi ziren sei lehiakideen artean hiru hawaiiar zeuden, baina azkenean brasildar bat nagusitu zen, Lucas Chianca.
Chiancak floater bat egin zuen ezker olatu handi batean eta horri esker lortu zuen garaipena. Halere, Nazaren lortutako emaitzari esker aurtengo BWWT titulu mundiala eskuratzeko aukera gehien duen lehiakidea Billy Cemper hawaiiarra da. Izan ere, orain arte egin diren hiru txapelketetan (Puerto Escondido, Pea’hi eta Nazare) lortu duen emaitza txarrena laugarren postua da, beste bietan bigarren postua eskuratu baitu.
Aurtengo sasoia amaitu aitzin beste lehiaketa bat egiteko aukera ere bada oraindik. Urtarrilaren 1ean ireki zen Kaliforniako Mavericks urautsi mitikoan txapelketa egiteko itxaronaldi epea, eta datorren otsailaren 28a bitartean itsaski sendo bat sartzen bada, aurtengo BWWT itzuliari amaiera emango dion txapelketa egin ahal izango da. Eta horrela ez balitz, egun ranking orokorrean aurkitzen diren postu berean amaituko lukete sasoia lehiakideek eta ondorioz, Billy Cemper izango litzateke BWWT 2017/2018 itzuliko txapelduna.
Nesken BWWT zirkuitua
Atzo Nazaren amaitu zen olatu handietako munduko txapelketa orain artean leku horretan egin den bigarrena izan zen eta iaz WSL erakundeak egin zituen berrikuntzen baitan kokatzen da. Beste berrikuntza, lehen aldiz neskentzako olatu handien itzulia antolatzea izan da. Nazaren ez zen nesken txapelketarik izan, baina mutilen kasuan bezala, oraindik Mavericksekoa egiteko aukera zabalik da.
Bi txapelketa baino ez dira nesken olatu handietako zirkuituan, Pe’ahi eta Mavericks, baina esan bezala nesken BWWT zirkuitua egiten den lehen aldia da. Oraingoz, Paige Alms hawaiiarra dago lehen postuan rankingean, Mauin berak irabazi baitzuen. Iaz Peahiko lehiaketa bakarrik egin zen, eta Paigek irabazi zuenez, titulu mundiala beretzat izan zen. Aurten Mavericksekoa egiten ez bada, gauza bera gerta daiteke.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
