GARA
IRUÑEA

Azken heriotza gaitzetsi, eta N-121-A-ri buruz eztabaidatzea proposatu dute

Coumba Diop zuen izena, 55 urte zituen, senegaldarra zen jatorriz eta Almerian bizi zen. Laranja tona batzuk garraiatzen ari zela hil zen, joan den larunbatean, lan istripuz, N-121-A errepidean, Oronoz-Mugairin. Gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin zuen atzo Iruñean.

Joan den larunbatean Coumba Diop garraiolariaren kamioiaren aitzineko bi gurpilak sutan hasi ziren N-121-A errepidetik Irun aldera zihoala. Almeriako 55 urteko langilea laranjaz beteriko ibilgailua gelditzen saiatu zen, Oronoz-Mugairin, Zozaian, atsedengune batera aterata. Maniobra egitean, ordea, zuhaitz baten kontra talka egin zuen.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT nafar Gobernuaren Obra Publiko, Garraio eta Komunikazio Sailaren aitzinean bildu ziren atzo, zendutako langilearen senide eta lagunei babesa erakutsi eta heriozko lan istripua salatzeko. Aurten jada 10 lagun hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela, horietatik bost errepidean. Sindikatuek azaldu zutenez, heriotza hauek guztiek garraiolarien lan baldintzen eta errepideen egoeraren inguruan pentsatzera bultzatzen dituzte, baita konponbideak topatzeko administrazio ezberdinek egiten dutenaren inguruan ere.

Bidea ez dago ongi

LABek N-121-Ari buruzko eztabaida bat irekitzea proposatu zuen, jendartearen eta eragile sozial eta politikoen parte hartzearekin. Agertu zuenez, trafiko handienetakoa duen Nafarroako errepidea da. Egunero 10.000 ibilgailu ibiltzen dira; heren bat, kamioiak. Eta sindikatuak argi du: «Errepide hau ez dago inola ere prestatuta egunero duen trafiko bolumenerako».

Gainera, autobidean garraiolariei kobratzen hasi direnetik N-121-Atik kamioi gehiago pasatzen direla baieztatu zuen. «Errepidearen egoeran aunitz sumatzen dira ondorioak: gero eta zulo gehiago dago eta asfaltoaren egoera kaskarra da». Egoera gehiago okertuko dela aurreikusten dute, Belate eta Almandozeko tunelak itxiko dituztelako zazpi hilabetez eta Belateko portutik desbideratuko delako trafikoa.

LABek Nafarroako Gobernuari soluzioak bilatzen inplikatzeko eta arazoaren erroetara joateko eskatu zion, kontuan hartuta aurreko exekutiboek ez zutela lehentasuntzat hartu errepide hau egokitzea eta «partxeak jarri bertzerik» ez zutela egin.