Musua
Niretzat, bere forma guztietan, musua da gizakien arteko interakzio sakon eta estuena. Mundu osoan ari da jendea elkar musukatzen. Musulmanak eta ateoak, beltzak eta horiak, metroan edo ohe goxoetan. Zeluloideko musuak baino konplikatuagoak, nahasiagoak, dira gure bizitzako musuak. Askotarikoak dira; esploratu eta ikasi beharreko aldakuntzak dituzte.
Hizkuntzara itzuli ezin diren musuak. Musu sublimeak. Musu anbiguoak. Musu suntsitzaileak. Berreskuratu ezin diren musuak. Sekula eman ez daitezkeenak. Musu puskatua. Musu galdua. Edo bizitza aldatzen duen musua.
Kirolariek garaikurrak musukatzen dituzte. Gaztetxoek ispiluak musukatzen dituzte, begiak irekita kristalaren hotzean ezpainak jarriz klasean gustatzen zaion ikaskidea lehen aldiz musukatzen dutela imajinatuz. Transzendentzia keinu diruditen musuak.
Ospitalean aitonak bere anaia txikiari kopetan musu eman zion arnasgailua deskonektatu aurretik. Presoak bere alaba txikia musukatzeko kristala musukatzen du, kartzeleroak bozgorailutik «denbora bukatu da!» esatean. Damaskon bikote bat larrua jotzen ari da orain, azken musuak balira bezala elkar musukatuz, gertu-gertuan leherketak aditzen diren bitartean.
Ustekabeko musuak. Musu ahantzezina. Agur-musuak. «Samurtasuna», «pasioa» eta «maitasuna» hitzen esanahia gogorarazten digutenak.
Musuak, ezberdinak denak, memorian bizi diren musuak. Txingurriek elkar musukatzen dute, muskerrek, usoek eta flamenkoek… Gizatiarra den guztia, jatorriz, animalia da. Eta, batek jakin, hortik eboluzionatu du, beharbada, musuak.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
